"Sentimendu handiko" omenaldia egin diote Joseba Elosegiri
Joseba Elosegi borrokalari abertzale antifaxistaren omenezko ekitaldia egin dute gaur bere izena duen begiratokian Eusko Alkartasunako kideek. Omenaldi “xumea” izan da, eta bere ondorengoak eta EAko militante historikoak San Bartolome muinoko begiratokian izan dira. Hitzaldia eta lore eskaintza egin dituzte EAkoek.
“Sentimendu handikoa” izan da omendaldia, Jabier Estebanez EAko kidearen ustez: “Joseba Elosegi erreferentea da edozein abertzalerentzat, eta bere figura oso estimatua da gure afiliazioagatik. Oraindik ere jende askok gogoratzen ditu Amarako Alkartetxean izaten zituen hitzarteak. Esan genezake Joseba Elosegi, Eusko Alkartasunako militantea izateaz gain, erreferentea dela gure erakundearentzat”.
“Asko dugu ikasteko” Joseba Elosegik egindakotik, Estebanezen ustetan: “Joseba Elosegik, bere ekintza eta konpromiso militantearekin, itxaropena eta batasuna bultzatu zituen gure askatasunen aldeko borrokan, diktadura frankistaren eta faxismoaren aurka borrokatu zuen. Eduki zuen konpromezua miresteko modukoa da”.
San Bartolomeko muinoan eraikitako begiratokiari Joseba Elosegi izena jarri diote, eta positiboki baloratu du Estebanezek: “Polita izan zen sentsibilitate politiko ezberdinetako bozeramaileak Joseba Elosegiren lana goraipatzen ikustea, eta are politagoa aukeratutako lekua. Handik ikusten da Artzain Ona, 1946ko uztailaren 18an ikurrina jarri zuen tokia eta Urbieta kaleko bere etxea”.
Hala ere, “omenaldirik onena bere irudia ezagutzea da”, Estebanezen arabera. Horretarako, Elosegik idatzitako liburua irakurri daiteke: Quiero morir por algo.