"Lasai gaude gugan sinesten dutelako"
Donostia Arraun Lagunak izan zen onena Kontxako emakumezkoen lehen jardunaldian. Segundo luze bateko errenta dute bandera historikoa eskuratzeko. Nagore Claramunten ustez (Larratxo, 1986), beraien esku dago garaipena.
Lehen jardunaldia irabazita, zein balorazio egiten duzu lorturikoaz?
Juan Mari Etxabe entrenatzaileak dioen bezala, ez da kasualitatea. Askok pentsa dezakete ezustekoa izan dela guk irabaztea. Ordea, sailkatze estropada irabazi genuen, eta lehen jardunaldia ere bai.
Bagenekien estropada ona egingo genuela. Baldintzak onak ziren guretzat. Indarrez aurten oso ondo gabiltza. Irteerak asko hobetu ditugu, eta ziabogetan tarteka huts egin arren, badakigu ziabogatik ondo ateratzen. Pozik eta gustura gaude pasa den igandekoarekin.
Orio txanda berean egokitu ez izana abantaila izan zen zuentzat?
Egia da ez genuela ondo hartu jakitea Orio ez zegoela gure txandan. Txanda berean aritu nahi genuen beraiekin, Donostiarrarekin eta Hondarribiarekin. Onenekin lehiatu nahi genuen. Aukera hori ez genuen izan, baina aukeran bigarren txandan aritu nahi genuen. Erlojuaren kontrako gisa hartu genuen estropada, eta ondo atera zen. Irabazi genuela esan zigutenean ez genuen ospatzerik izan, lehertuta geundelako.
Irabazi ez ezik, estropada eremuko errekorra (10:31.62) ere ezarri zenuten.
Oriok lortu zuen lehenbizi, eta hamar minutu beranduago hobetu genuen denbora.
Oriorekiko segundo luze bateko (1.64) abantaila duzue. Ez da asko, baina zuen aldekoa da, ezta?
Gu aurretik joanda badakigu irabaziko dugula. Aldea handiagoa izatea nahiko genuke, baina helmugara lehenak iristen bagara bandera gurea izango da.
Etziko bigarren jardunaldiari begira nola zaudete?
Lasai gaude gugan sinesten dutelako. Azarotik sentitu dugu klubaren eta ingurukoen babesa. Argi daukagu gure arraunketa eginez gero Kontxako bandera irabaziko dugula.
71 urteren ondoren, historia egiteko prest zaudete?
Gustatuko litzaiguke. Kontxako historian gure izena idatzi nahi dugu.