Añarbeko urtegia barrutik ezagutu nahi duzu?
Añarbeko Urak erakundeak eta Cristina Enea fundazioak bisita gidatuak antolatu ditu Añarbeko urtegia eta Loiolako hondakin uren araztegia ezagutzeko, irailean eta urrian. Iban Zubeldia Añarbeko Urak erakundeko Komunikazio Zerbitzuko buruak azaldu duenez, “bisita gidatuetara etortzen direnek erantzun ahal izango diete geure buruari egiten dizkiogun galdera askori, hala nola, presatik zenbat ur ateratzen den une bakoitzean, zer den emari ekologikoa eta zertarako balio duen, urtegiak nola funtzionatzen duen eta uholdeak izateko arriskua dagoenean zer erabaki hartzen diren”.
Bisita gidatuetan parte hartzeko, aldez aurretik izena ematea komeni da, Cristina Enea fundazioaren webgunearen bitartez. Añarbeko urtegia bisitatzeko aukera irailaren 26an (gaztelaniaz), urriaren 16an (gaztelaniaz) eta urriaren 24an (euskaraz) izango da. Loiolako hondakin uren araztegia bisitatzeko aukera urriare 2an (euskaraz) eta urriaren 31n (gaztelaniaz) izango da. Bisita gidatuetarako autobusa 10:00etan aterako da Norteko geltokiaren parean dagoen markesinatik.