Añorga Txikiko hirigintza proiektuaren kontrako manifestazioa egingo dute hilaren 25ean
Añorga Txikiren ikuspegi orokorra –Firestone eraitsi aurretik–; tren geltokiaren aurrean eta trenbide alboko lursailean eraiki nahi dituzte etxebizitzak.Gorga Datorren larunbatean, hilaren 25ean, Donostiako Udalak Añorga Txikin aurrera eraman nahi duen hirigintza proiektuaren kontrako manifestazioa egingo dute. 17:00etan abiatuko dira Añorga Txikitik. Hain zuzen ere, Añorga Txikin 248 etxebizitza eraikitzeko Añorgako Geltokia plan berezia onartu zuen udal gobernuak. Añorgako hainbat elkartek bat egin dute udalari proiektua alda dezan eskatzeko.
“Bost etxebizitza bloke berri Añorga Txikin, 248 etxebizitza guztira, fisikoki ia kabitzen ez garen toki batean!”, salatu dute manifestazioaren antolatzaileek. “Ez digute hitzik eman, baina auzotarrok argi ditugu lehentasunak: auzo bizigarria nahi eta behar dugu, gaur gaudenontzat eta bihar etorriko direnentzat. Proiektu hau, berriz, zentzugabekeria hutsa da: auzoaren errealitatea, beharrak eta populazioaren handitze ero honen ondorioak kontuan hartzen ez dituena”, gaineratu dute.
Hainbat arrazoi zerrendatu dituzte proiektuari ezetz esateko, eta “bai, gure auzoari”. Hona hemen arrazoiak, besteak beste: “inguru lasai bateko bizi kalitatea kaltetuko du, mugikortasun arazo larriak sortuko ditu, haurren ongizatea kaltetuko du, ikastola handitzeko aukera galduko da, euskararen erabileran ez du Añorgako errealitatea aintzat hartzen, eta behar ditugun azpiegitura publikoentzako lurrak okupatuko ditu”.

