Babesa adierazi diete Infernuaren epaiketako auzipetuei
Gaur hasi da Infernuko kideen aurkako epaiketa, ekaineko saioa bertan behera geratu ostean. Zortzi kidek deklaratu dute gaur eta urriaren 20ean beste seik egingo dute. Babesa adierazteko elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek, eta besteak beste, Gipuzkoako Foru Aldundia interpelatu dute.
Infernuko auziperatuetako bat atera den unea. (Argazkia: Xalba Ramirez) Joan den otsailean, Ibaetako Infernua auzunean dauden etxe okupatuetan, Ertzaintzak hamalau kide identifikatu zituen. Sei urtez baino gehiagoz, hainbat pertsona bizi dira bertan modu iraunkor batean, eta orain, desalojo arriskuan daude. Epaiketan, usurpazio delitu bat egotzita, Fiskaltzak hiru isun eskaera egin ditu: bi lagunentzat 1.800 euro, hiru lagunentzat 720 euro eta beste hiru lagunentzat 360 euro.
Gaur zortzi kidek deklaratu dute eta urriaren 20ean beste seik egingo dute. Ekainean zen egitekoa epaiketa, baina auzipetu baten irregulartasun egoera zela eta, ezin izan zuten epaiketa egiteko identifikatu. “Egoeraren absurdoa” salatu dute, gaur Gurutze Gorriaren txartel batekin identifikatzen utzi diotelako. Izena: Moustafa, nortasun agiri zenbakia: 1234.
Migrante eta transmaribolloen komunitatea
Paperik gabeko migranteen lekua izaten ari da Infernua, besteak beste. Honela adierazi dute bertako kideek elkarretaratzearen bukaeran: “Pertsona migranteek eta transmaribolloek ez daukate lekurik gaur egungo Donostian. Horregatik elkartu gara periferian, horregatik egin dugu komunitatea eta hartu dugu konpromisoa elkar babesteko”.
Azaroan hiru eraikinetatik baten desalojoa egin zuen Ertzaintzak, 60 bat migrante kale gorrian utziz. Aldundiaren jarrera salatu dute, bide penala erabiltzeagatik eta galdera egin dute: “Zer egingo duzue kalean geratuko den jendearekin? Zertarako erabiliko duzue eraikuntza enpresa pribatuek Infernuaren truke emandako dirua?”.
Kaleratze arriskuan dira orain gainontzeko eraikinak eta antolakuntza eta elkartasunerako deia egin dute: “Infernuaren alde egitea ez da hiru eraikin defendatzea bakarrik: guztiontzat etxebizitza aldarrikatzea da; gentrifikazioaren aurka egitea da; ertzeko komunitateen alde egitea, poliziaren erasoen aurka egitea, askotariko zapalkuntzen arteko aliantzen alde egitea… Infernuaren alde egitea Donostia erradikalki aldatu nahi izatea da”.


