Donostiako Udalak bitartekaritza lanak egingo ditu Azora funtsak kalteturiko maizterren egoera konpontzeko
Donostiako Udalbatza osatzen duten udal talde guztiek, PPk izan ezik, Azora funtsak kalteturiko maizterrak laguntzeko mozio arrunta onartu dute iraileko udalbatzarrean. EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak aintzat hartu dute Azorako Maizterrak eta Kaleratzeak Stop plataformen eskaera. Zehazki, Grosen bizi diren bi maizterri aplikatu nahi dieten alokairuaren %33ko igoera bertan behera uztea nahi dute. Aipaturiko udal taldeek hitz eman dute bitartekari lanak egingo dituztela funtsak igoera horiek ezarri ez ditzan.
Groseko bi bizilagunek burofax bana jaso dute Azoraren partetik. Abuztuaren 31n eta irailaren 30ean (gaurko egunez) hiru urtez izan dituzten kontratuak bukatu zaizkie. Beste bat sinatzea onartzen ez badute, alokairuaren %33ko igoerarekin, etxebizitzak utzi eta giltzak entregatu beharko dituzte. Era berean, bi maizter horiek 750 eta 800 euroko errenta (gehi gastuak) ordaintzen ari dira. Errenta horiek Eusko Jaurlaritzak argitaratutako Alokairuaren Merkatuko Inkestaren (AMI) parametroen barruan daude, jarritako fidantzen zenbatekoen batez bestekoari dagokionez. Grosekoa 800 eurokoa da.
Bestalde, udalbatzak berretsi du 2015eko irailaren 24ko osoko bilkuran onartutako mozioak dioena: Finantza erakundeek eta inbertsio funtsek egoera prekarioan dauden donostiarrak etxegabetzetik libre den udalerri aldarrikatzea Donostia.