Gaur zabaldu dute Zuhaiztiko Kiroldegia, bost hilabeteren ondoren
Bost hilabetez itxita egon ostean, gaur ireki ditu ateak berriz ere Zuhaiztiko Udal kiroldegiak. 2.500.000 euroko inbertsioa egin du BPXPORT enpresak, kiroldegiaren kudeaketaren esleipendun berriak.
Instalazioen “erabateko birgaitzea” ekarri dute obrek: estalkiaren birgaitze integrala egin da, saneamendua, aireztapena, elektrizitatea, telekomunikazioak, ura eta klimatizazioa berrituz. Aldaketa nagusia fitness gimnasioan izan da, azalera bikoiztu egin da, 700 m2-ko espazioa eraikiz. Muskulazioa, kardiobaskularra edo entrenamendu funtzionala lantzeko gune bereiziak ditu, eta makina berriak jarri dira.
Udalak adierazitakoaren arabera, jarduera gelak berritu eta handitu egin dira, eta orain bost areto izango ditu (lehen baino bat gehiago). Wellness gune bat ere eraiki da (sauna, bainu turkiarra) igerilekuen esparruan, ludoteka eta fisioterapia zerbitzuak eskaintzeko espazioak prestatu dira, eta kafetegia ere mantenduko da.
Kirol Txartelaren abonatuek Udalaren gainerako kirol instalazioetako zerbitzu berberak dituzte, hau da, aldagelak, igerilekuak eta fitness gimnasioa. Zuhaizti Udal kiroldegiak ere ordutegia zabaldu du, egunero goizeko 7:00etatik aurrera, eta igande arratsaldeetan ere irekita egongo da.