Euskaraz da azkenean Galeanoren 'Latinoamerikaren zain urratuak' liburu klasikoa
Iñaki Alegria donostiarrak itzulita, Eduardo Galeanoren Latinoamerikaren zain urratuak liburu klasikoa euskaraz da, 50 urte beranduago. UEUk argitaratu du eta Iban Zaldua, EHUko historia irakasleak egin du hitzaurrea.
Duela 35 urte irakurri zuen Alegriak lehen aldiz Galeanoren liburu famatua: “1985ean irakurri nuen eta esaldi batzuk itzuli nituen Komite Internazionalistekin, Nikaragua Sandinistaren testuinguruan antolatzen ari ginen erakusketa baterako. Eta iruditu zitzaidan liburu horrek euskaraz egon behar zuela. Beste inork egin ez duenez, 35 urte geroago, jubilazioaz baliatuta itzuli dut”.
“Kolonialismoa ulertzeko funtsezko liburua” da hau Alegriaren ustez, “50 urtetan gauza asko aldatu diren arren, produktu gutxiren menpekotasunak” berdin jarraitzen du. Bere garaian “jende askok irakurri zuen” gazteleraz lan hau, baina Alegriak bigarren irakurtaldi bat egitea gomendatu die. Berak ere, oroitzen ez zituen gauza asko freskatzeko aukera izan zuen. Alegria EHUn irakaslea izan da eta UEUko zuzendaria hainbat urtez.
Hitzaurrea Iban Zalduak
Iban Zalduarentzat “ohorea” izan da hitzaurrea idaztea. Liburu hau akademiak mespretxatu zuen hasiera batean, baina bere izaera dibulgatiboa txalotu egin du, urteak joan, urteak etorri Siglo XXI argitaletxearen liburu izarra izaten jarraitzen du eta (Hugo Chavez zenak Barack Obamari oparitu ostean, zer esanik ez…). Liburu militante bat dela azpimarratu du, zentzurik sakonenean eraldaketarekin konprometitua dagoelako, eta lekukotasunez beteta dagoelako. Klasiko gisa izendatu du ere. Eta zer den klasiko bat? “Noizbehinka bisita merezi duen liburua”.
Zalduaren lankideek egun liburu hau argitaratzearen zentzuaz galdetu diote. Zalduak ere onartu du asko aldatu dela Latinoamerikako egoera urte guzti hauetan –azkeneko argitalpena 1978koa da–. Obra unibertsal hau euskaraz edukitzearen garrantziaz gain, garaian Galeanok izandako argitasun eta profetikotasuna txalotu du ere: “Neoliberalismoaren definizioa ematen digu, neoliberalismo hitza sortu aurretik”.
50 urtetan, Latinoamerikaren arazo asko eredu estraktibista berdinetik datozela uste du Zalduak: urrea, petroleoa, soja, aguakatea… Oraindik ere irakurtzea gomendatzen duen liburua dela uste du irakasleak.
Aurkezpena monokultiboaren ohar batekin bukatu nahi izan du Alegriak: Donostian azken urteetan egin den turismoaren monokultiboarena, alegia.