Hilaren 13an irekiko dute Atotxako geltokiko oinezkoentzako behin-behineko pasabidea
Eusko Jaurlaritzako Garraio Sailak, ETSren bidez, hilaren 13an irekiko du Atotxako geltokiko behin-behineko oinezkoentzako pasabidea. Sarbide berriak, Egia eta Erdialdea lotuko ditu, eta azpiko pasabidearen ordezkoa izango da. Bi asteko epean bi sarbideak martxan izango direla adierazi du ETSk, eta, ondoren, azpiko pasabidea itxiko dute.
AHTaren geltokiko lanekin aurrera jarraitzeko eraiki dute goiko pasabidea. Izan ere, trenaren hiru terminaletatik lehena eraikitzen hasiko dira azpiko pasabidea itxi orduko. Ekaina bukaeran hasi ziren goiko behin-behineko pasabidea jartzen. 51,2 metroko luzera eta 3 metro zabalera du. Pasabidearen Egiako sarbidea Blas de Otero plazaren ondoan dagoen trenbide plataformaren ertzean dago. Aldiz, Erdialdeko sarbidea Frantzia pasealekuaren 21. zenbakian, Terminus hotelaren ondoan. Bi sarbideetan eskailerak eta igogailua daude –Egian 5,6 metroko desnibela gainditzen d eta Erdialdean 7,3 metrokoa–. Argiztapenak eta bideozaintza sistemak osatzen dute goiko pasabidearen azpiegitura.
Azpiko pasabidearen azpitik doazen zerbitzu nagusien sareak desbideratzeko lanak bukatuta, hilaren 13an behin-behineko pasabide berria jarriko da martxan, Erdialdea eta Egia auzoen arteko loturari dagokionez, oinezkoen zirkulazioaren ordezko aukera gisa. Bi aste geroago Egiako azpiko pasabidea itxi ondoren, ez da aldatuko Frantzia pasealekutik egungo tren geltokiko nasetara, autobus-geltokira eta ibilgailuentzako lurpeko aparkalekura sartzeko bidea, eta horiek irekita jarraituko dute, gaur egun bezala.
Egiako azpiko pasabidea ixteak trenbide plataformaren Tabakalera aldean behin-behineko geltokia eraikitzeko lanak osatzea ahalbidetuko du. Ertz horretan, behin-behineko terminalaren eraikuntza eremuaren zati bat libre geratu da, egungo geltokiari zerbitzua ematen zion jatorrizko sortako lau baztertze trenbide kendu ondoren; horietako bi erabileraz kanpo zeuden, elektrifikazioa eta trenbideko instalazioen desbideratzea barne. Jarduketa horiei esker, abuztuaren amaieran trenbidearen azpian lurperatutako behin-behineko geltokiko atariko perimetroko pantaila hormak egiten hasi ziren, hidrofresaren bidez –tamaina handiko makina–. Geroagoko fase batean, aldirietako eta distantzia ertaineko behin betiko atariaren parte izango da.
Trenbide plataformaren Urumearen ertzean metalezko euskarri osagarriak jarri dira Federico Garcia Lorca pasealekuan, plataformako trenbide instalazioen sarea behin-behinean desbideratu ahal izateko. Bestalde, amaitzear dago geltoki berriko gela teknikoen parte izango den, eta tren korridorearen azalera libre uzten jarraituz lehendik dagoen zuntz parkea lekuz aldatzeko aukera emango duen zuntz optikoko eraikin berria.
Atotxako geltokia birmoldatzeko lanak bukatzean, Egiako azpiko pasabidea handituko da, eta ohiko sarearen eta abiadura handiko nasetara sartzeko atari berrien arteko lotura egingo dute.