"Legea bete dugu Arte Ederren lanetarako lizentzia ematean"
Donostiako Udalak Arte Ederren eraikina birgaitzeko lizentzia eman zion SADE enpresa jabeari, eta pasa den astean abiatu zituzten lanak. Ordea, hilaren 11n obra geldiarazi zuen Donostiako auzi administratiboen hirugarren epaitegiak, Ancora elkarteak jarritako salaketa aintzat hartuta. Epaitegiaren erabakiaz galdetu diote Eneko Goia alkateari Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsa agerraldian.
Goiak adierazi du udal gobernua lasai dagoela, “gauzak ondo” egin dituztelako. “Legea bete dugu Arte Ederren lanetarako lizentzia ematean. Eraikin horrek dituen baldintza eta betebeharrak aintzat hartuta baimendu ditugu lanak. Lizentzia legezkoa da. Arte Ederren egungo babes mailarekin egin daitekeena da”, azaldu du alkateak. Horrekin batera, adierazi du udalko sail juridikoa lanean ari dela Ancoraren salaketari helegitea jartzeko. “Aurreko batean esandakoa errepikatuko dut. Honek ez du gehiagorako ematen, eta horrela ibiltzeak ez gaitu inora eramaten”.