Giza kateekin jarraituko dute udalaren erantzuna jaso bitartean
Añorgako bizilagunak ez daude ados Añorga Txikin eraiki nahi dituzten 248 etxebizitzekin. Udal gobernuari auzotarren iritzia aintzat hartzeko eskatu diote, eta horretarako mobilizazioak egiten ari dira.
Irailaren 25ean manifestazio jendetsua egin zuten Añorgan, Auzo biziaren alde lelopean. 400 pertsona inguruk parte hartu zuten Añorga Atxiki auzo mugimenduak antolaturiko protestan. Donostiako Udalak Añorga Txikin aurrera eraman nahi duen hirigintza plana aldatzeko eta auzotarren iritzia aintzat hartzeko eskatu zuten. Erantzunaren zain jarraitzen dute.
Hori dela eta, auzoan giza kateak egitea erabaki zuten. Hilaren 15ean egin zuten lehena, eta 22an bigarrena. 200 lagunetik gora elkartu ziren bakoitzean. Gaur hirugarrena egingo dute 18:15ean, berriz ere, GI-21 errepidean. «Auzoa mobilizatzea dugu helburu, eta alde horretatik oso pozik gaude. Udalari argi adierazi diogu Añorga Txikiko auzotarrak ez daudela ados hirigintza proiektuarekin. Akordio bat lortu nahi dugu udal gobernuarekin. Argi dugu zona horrek birsortze bat behar duela, baina auzotarrekin adostu beharko litzateke partaidetza prozesu baten bidez», azaldu du Atxiki Añorga taldeko Jon Aristizabalek.
Añorga Txikitarrak auzo elkarteak maiatzetik ez du gai honen inguruko harremanik izan udalarekin. «Udalak alegazioak ditu partaidetzarako tresna gisa, baina argi dago ez dela nahikoa horrelako proiektu baterako. Udalak partaidetza bultzatzen duela esaten du edonon eta edonoiz. Añorgak, ordea, ez du inoiz ezer lortu partaidetza tresnen bidez», dio Lore Iturrik, auzo elkarteko kideak.
Horrela ere, Añorga Txikiko hirigintza planaren inguruan akordio bat lortzea espero du auzo elkarteak: «Gustatuko litzaiguke denentzat probetxuzkoa den irtenbide bat topatzea, ingurua birsortuko duena. Baina ez zaigu iruditzen udalak horretarako jarrera edo malgutasunik izango duenik. Dena dela, itxaropena ez dugu galtzen eta gure aldarrikapenekin jarraituko dugu.
Udalaren erantzuna jaso arte mobilizazioak egiten jarraituko dutela nabarmendu dute Atxiki Añorga auzo mugimenduak eta Añorga Txikitarrak auzo elkarteak.
Alegazioak aztertzen ari dira
Añorgako Geltokia azpieremuko plan berezia otsailean onartu zuen udalak. 39.183 metro koadroko azalera du, eta horietatik 25.000 metro koadro inguru etxebizitzetara bideratuko dituzte. Etxebizitzen %40 Babes Ofizialekoak izango dira. Zehazki, 248 etxebizitza eraikiko dituzte; 156 libreak eta 92 sozialak. Une honetan, alegazioen fasea egiten ari dira, eta udalak horiei erantzutean onartuko du behin betiko hirigintza proiektua. Hori urtearen bukaera aldean izango dela aurreikusten dute.
Eneko Goia alkateak asteartean adierazi zuen alegazioen azterketa laster bukatuko duela Hirigintza sailak. Hain zuzen ere, Añorgako hainbat eragilek aurkezturiko alegazioak dira aztertzen ari direnak. «Ez oso epe luzean alegazioen erantzunak izango ditugu. Orduan ez dugu arazorik izango auzotarrekin elkartu eta hitz egiteko. Ez dut horretarako arazorik ikusten», adierazi zuen Goiak.