Eureka! Zientzia Museoaren itxierak zalaparta sortu du
Kutxa Fundazioak 2023an itxiko du Miramongo gunea, eta proiektua Tabakalera zentrora eramatea aurreikusten du. Erabakiak ezustean harrapatu ditu herritar asko, eta alderdi politikoak kritiko agertu dira.
«Erabakia azaldu beharko duena Kutxa Fundazioa da. Zientzia arloa nola lantzen jarraitu behar duen azaldu beharko du. Azalpen horren zain nago», adierazi zuen herenegun Eneko Goia alkateak ETB1eko Egun On Euskadi saioan. Kutxa Fundazioak urriaren 29an iragarri zuen Eureka! Zientzia Museoa itxiko duela 2023an, besteak beste. Erabakiak zalaparta sortu du herritarren eta alderdi politikoen artean.
Alkateak azalpenak eskatu bezperan, fundazioak beste ohar bat kaleratu zuen komunikabideetan argitaratu diren informazioei erantzuteko. «Eureka! Zientzia Museoaren jarduera bertan behera uzteak ez du esan nahi, inondik inora, fundazioak zientzia alde batera uzteko asmoa duenik. Kutxa Fundazioak zientzia alorreko hezkuntza eta zabalkundeari eutsiko dio, bere jardueraren funtsezko lan ildoa den heinean», azaldu zuten. Tabakaleran «proiektatu» dituzte zientziari zuzenduriko «espazio eta programa berriak».
Ixteko arrazoiak
Eureka! Zientzia Museoa ixteko arrazoiak, ordea, lehendabiziko oharrean plazaratu zituzten: «Eraldaketa prozesu baten ondorioa da. Kutxa Fundazioaren 2030 Plan Estrategiko berriaren barruan sartzen da, eta, alde horretatik, egitura aldaketak ekarriko ditu. Aldaketa horiek Tabakaleran izango duen presentzia birformulatu eta indartuko dute. Egungo Eureka! Zientzia Museoa ekipamendua 2023an itxiko da, eta bere dibulgazio eta hezkuntza-jarduerak berritu eta birformulatu egingo dira formatu modernizatu, digitalizatu eta garaikidean Tabakaleran duen gunean».
Erabakiarekin kritiko agertu dira udal gobernua eta beste udal taldeak. EH Bilduk ohar bidez adierazi duenez, Kutxa Fundazioaren plan estrategikoan ez zaio «inolako salmenta prozesuri aipamenik» egin. «Obra soziala» helburu behar luke fundazioak, euren arabera, «gipuzkoarron diruarekin eraikitakoa» delako.
Kutxa Fundazioaren Patronatuan parte hartzen du EH Bilduk, baina gertatu denaren inguruko ñabardura bat egin dute: «2030 Plan Estrategikoa patronatuan onartu dugu, baina argi utzi behar dugu babestutako dokumentuak ez ziola erreferentziarik egiten inolako salmenta prozesuri, eta, ondorioz, ez da egia Miramongo zientzia museoaren itxiera babestu dugunik».