San Martin eguna ospatzeko hamaika arrazoi dituzte
Hilaren 11n egun osoko egitaraua prestatu du San Martin Auzoa egitasmoak. Auzoa biziberritzea dute helburu sustatzaileek, eta berritasun asko ditu aurtengo egunaren egitarauak.
Zerri gorri batzuk ikusi dituzte San Martin auzoan, ihesean. Astebete inguru falta da hilaren 11n ospatzen den San Martin egunerako. Auzoko hamalau bat taberna eta jatetxetan topatu ahalko dira aipaturiko zerri gorriak. «Ostalari jatorrekin hitz egin dute animaliek, eta odolki pintxoak ematearen truke babestuko dituzte», azaldu du Ibon Etxeberriak. Egfisios fisioterapiako langilea da eta San Martin Auzoa egitasmoko kidea. Hain zuzen, iaz sortu zuten egitasmoa auzo izaera eta San Martin eguneko ospakizunak berreskuratzeko.
Historikoki, Aldapetaren, Easo kalearen eta Londres hotelaren artean dagoen eremua izan da San Martin auzoa, baina urte luzez auzo izaera galdu du, Erdialdearen barruan egon baita. Iaztik auzoa biziberritzeko konpromisoa hartu zuten hainbat merkatarik, eta auzo elkarte gisa funtzionatzen dute. San Martin eguna suspertu ostean, beste pauso bat emango dute aurten. «Iazkoarekin alderatuta, aurten gauza gehiago egin ditzakegu», nabarmendu du Etxeberriak.
Duela zenbait urte, auzoko jaiak ez ziren egun bakarrera mugatzen. Azkenaldian, ostalaritza arloko negozioek bezeroei odolki pintxo bat emateko tradizioari baino ez zioten eutsi. Hori mantendu eta beste hainbat jarduerekin egitarau osatuago bat antolatzea erabaki zuten San Martin Auzoa egitasmoko kideek. Iazko esperientziaren ondoren, egitarauan berritasunak sartu dituzte.
Omenaldiak eta desfilea
Goizetik arratsaldera bitarte, auzoa bizirik mantenduko dute. 09:00etatik 10:30era Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak diana joko du. San Martin Gotzainaren elizatik abiatuta, txistulariek ibilbidea egingo dute auzoko kaleetan eta hainbat geltokitan zehar. Azken geralekuan, Triunfo kalean, Karmele Egues San Martin Auzoa egitasmoaren sustatzailea omenduko dute.
Ondoren, Txalapart-Eroak taldearen txalaparta saioek girotuko dute auzoa. Etxeberria da taldeko kideetako bat, eta prest dago San Martin auzoko lau txokotan jotzeko. «Duela bi urte hasi nintzen txalaparta klaseak hartzen, eta oso gustura aritzen naiz jotzen», esan du Etxeberriak. 10:30etik 12:00etara ariko dira txalaparta saioekin.
Eguerdian, berriz, omenaldi pribatua egingo dute Convent Garden gunean. Niza Hotela omenduko du San Martin Auzoa elkarteak, auzoko negozio zaharrenetako bat. Iñigo Manterola artistak elkartearentzat sortu zuen eskulturaren erreplika bat emango diete hoteleko arduradunei. «San Martin errementarien patroia ere bada, eta horri keinu bat egiteko asmoz eskulturaren erreplika errementarik batek egin du», azaldu du Etxeberriak. Odolki dastaketa ez da faltako, noski. San Martin auzoko ostalariek odolki pintxo bat oparituko diete bezeroei, 13:30etik 15:30era. Ordu tarte horretan txaranga batek girotuko du auzoa.
Aldiz, arratsaldean, Deutsche Schule ikastetxeak Laterne Sankt Martin desfilea egingo du. 18:00etan auzora jaitsiko dira zaldiekin eta lastargiekin. «Urtero ospatzen dute San Martin eguna, eta gurekin elkarlanean auzora jaistea proposatu genien. Egunari bukaera emateko modu polita izango da», dio Etxeberriak.