Udalak ez du aurreikusten kaian lur azpiko aparkaleku bat jartzea
Parte Zaharreko Plan Berezia zirriborro fasean dagoela dio Hirigintza sailak. 2010ean onarturiko Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak kaian lur azpiko aparkaleku bat jartzea jasotzen du.
2010eko Plan Orokorrean jasotako lur azpiko aparkalekuak udaletxearen eta Nautikoaren artean izango luke sarbidea. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Eusko Jaurlaritzaren eskuetan dago Parte Zaharreko Plan Berezia. Ingurumen sailak ohartarazi duenez, ingurumen txosten bat behar du aurreikusten dituen azpiegiturengatik. Hala nola, lur azpiko aparkaleku bat kaiko Lasta eremuan, Orixe ikastolak Urgullen duen egoitza handitzea eta Trinitate plaza berritu zein egokitzea. Dena dela, Donostiako Udaleko Hirigintza sailak hedabide honi adierazi dio udalak ez duela lur azpiko aparkalekuaren proiektua sustatuko.
Kaiaren eskumena Jaurlaritzarena da, Portuak sailaren bidez. Hori dela eta, kaian egin beharreko jarduketen arduradunak dira, udalarekin elkarlanean. Lur azpiko aparkalekua 2010eko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak jasotzen du. «Plan Bereziak Plan Orokorraren antolamendu irizpide orokor bat garatzen du. 2010eko Plan Orokorrak lur azpiko azpiegitura hori egiteko aukera jasotzen du. Ondorioz, Plan Bereziak zehaztapen hori garatu eta dio noizbait egitekotan nola egin beharko litzatekeen», azaldu dute udaleko iturriek.
Hain zuzen ere, lur azpiko aparkalekuaren xehetasunak zehazten ditu Plan Orokorrak. Esaterako, sarbidea Donostiako Udaletxearen eta Nautikoaren artean izango luke. Gaur egun, Lasta gainean aparkaleku bat dago inguruan bizi diren bizilagunek erabiltzen dutena egoiliar gisara.
Plan Orokorraren berrikuspena
Udal gobernuak abuztuan abiatu zuen Hiri Antolamendurako Plan Orokorra berritzeko prozesua. Esan bezala, egungoa 2010ean onartu zen, eta eguneratzeko beharra duela adierazi dute udal talde guztiek. Plana berrikusterako orduan, Parte Zaharrerako aurreikusitako hiri antolamendua egokitzeko asmoa du udalak.


