Zer egin nahi duzu hil aurretik?
Edonork esan izan du noizbait “hil aurretik…”, bere ametsak edo desioak agerian uzteko. Aste honetan, esateaz gain, donostiarrek idazteko aukera ere izan dute, Tabakaleraren ondoan horretarako horma handi batzuk jarri baitituzte. Izan ere, bigarren urtez jarraian, Heriotzari Bizia Ematen jaialdia egin dute Donostian, azaroaren 1eko Santu Guztien egunaren bueltan.
Astean guztian zehar herritarrak gerturatzen joan dira, hil aurretik egin nahi dituzten gauzak idazteko, besteen ametsak irakurtzeko, eta abar. Askotariko mezuak irakur daitezke, jendeak hil aurretik gauza asko egin nahi dituenaren seinale. Oraindik ezer idatzi ez dutenek eta euren ametsen eta desioen aztarna utzi nahi dutenek, igandera arte daukate hara joateko eta idazteko, igandean bukatuko baita jaialdia.