Bera Berak lidergoan jarraitzen du Zuazori irabazita
Euskal derbia jokatu zuten larunbatean Bera Berak eta Zuazok, Gasca kiroldegian. Lehia estua izan zen, eta Donostiako taldeak bigarren zatian lortu zuen partida irabaztea. Izan ere, atsedenaldian Barakaldokoak aurretik ziren, bi goleko errentarekin. Dena dela, bigarren zati hobea eginda Bera Berak urrezko garaipena eskuratu zuen hiru goleko aldea aterata (30-27). Horrela, sailkapeneko lehen postuan jarraitzen dute.
Futbolean, asteburu bikaina izan da Realarentzat. Neskek iraganean utzi zuten Bartzelonaren kontrako porrot mingarria, eta Betis aise menderatu zuten (4-0). Nerea Izagirre kapitainak bi gol egin zituen. Txuri-urdinek burua altxa eta aurrera jarraitzeko hiru puntu garrantzitsu lortu zituzten arerio zail baten kontra. Gizonezkoen Realak, berriz, Osasunaren aurkako euskal derbia irabazi zuen (0-2). Lehen zati trabatuaren ostean, txuri-urdinek bi gol egin zituzten bigarren zatian, eta lidergoan jarraitzen dute 28 punturekin. Orain bi asteko etena izango du ligak, indarrak eta min hartuta dauden jokalariak berreskuratzeko aprobetxatuko dute.
Izotz hockeyan, zazpigarrena ere irabazi zuen Txuri Urdinen nesken taldeak. Oraingoan, zertxobait gehiago kostatu zitzaien etxean Valdemoro gainditzea (2-1). Dena dela, zazpitik zazpi irabazita, kategoriako talde guztian menderatu dituzte, eta horregatik dira liderrak. Bigarren itzulirako puntu asko pilatu dituzte. Gizonezkoek, ordea, huts egin zuten Puigcerdaren pistan (8-2).
Azkenik, belar hockeyan, azkenaldiko bolada txarra eten zuen Realak Taburienteren kontra berdinduta (1-1). Txuri-urdinei gola egitea kostatzen zaie, eta oraindik ez dute erregulartasuna zein egonkortasuna lortu talde gisa.
EMAITZAK
Eskubaloia
Emakumezkoen Ohorezko maila, 8. jardunaldia
- Bera Bera 30 – Zuazo 27
Futbola
Emakumezkoen lehenengo maila, 9. jardunaldia
- Reala 4 – Betis 0
Gizonezkoen lehenengo maila, 13. jardunaldia
- Osasuna 0 – Reala 2
Izotz hockeya
Emakumezkoen lehenengo maila, 7. jardunaldia
- Txuri Urdin 2 – Valdemoro 1
Gizonezkoen lehenengo maila, 8. jardunaldia
- Puigcerda 8 – Txuri Urdin 2
Belar hockeya
Emakumezkoen Ohorezko maila, 9. jardunaldia
- Reala 1 – Taburiente 1