Cementos Rezolako langileek "borrokan" jarraitzen dute lan baldintza duinak lortzeko
Añorgako Cementos Rezola lantegiko zuzendaritzak lanpostuak “suntsitu” eta “prekarietatean sakontzeko estrategia” bat duela salatu du LAB sindikatuak. Gaur goizean agerraldia egin dute lantokiaren aurrean, negoziaketak aurrera egiten ez duela adierazteko. Hain zuzen ere, langile batzordeak negoziaketa mahaia eratu zuen duela ia bi urte, eta ordutik ez dute akordiorik lortu zuzendaritzarekin.
“Negoziaketa benetan 2021 urtearen hasieran hasi bazen ere, momentu honetan guztiz blokeatuta dago. Blokeo honen arrazoi nagusiak enpresak erakutsitako negoziaketarako borondate eskasa eta langile kopurua murrizteko duen nahia izaten ari dira”, adierazi dute agerraldian. Enpresaren nahia lanpostu kopuruen murrizketarekin jarraitzea dela gaineratu dute, “azpikontratazioa areagotzea eta lanaldien malgutasuna eta langileon funtzioen polibalentzia handitzea”.
Lan baldintza zehatzez hitz egin aurretik, hauek zein langileri eragingo dieten zehaztu eta babestu behar dela dio LABek: “Zuzendaritzaren jarrera horren aurrean mobilizazioa da dugun bide bakarra. Apirilean elkarretaratzeak egiten hasi ginen eta ekainetik aurrera lanuzteak burutzen. Gaurkoan estrategia horrekin jarraitzen dugu”.
Negoziaketaren blokeoa dela eta, lanuzteekin jarraitzea erabaki dute. “Lanuzteen maiztasuna areagotuko dugu eta hauek egiten diren egunetan, lantegiko arazoa gizarteratzeko helburuarekin, beste era bateko ekimenak eginen ditugula iragarri nahi dugu”, nabarmendu dute. Apirilean hasi ziren elkarretaratzeak egiten, eta ekainetik aurrera lanuzteekin jarraitu zuten.