Feministaldia hastera doa
Joan den astean aurkeztu zuten, eta gaur, hilaren 16an, hasiko da Donostiako XVI. Feministaldia. Sismika lelopean egingo dute aurtengo jaialdia, eta egitarau zabala prestatu dute Tabakaleran, asteartetik larunbatera. “Sismika dira gorputzek lurraldeetan egiten dituzten desplazamenduak: eta zerikusirik ez dute bidaia derrigortuek edo soilik batzuen beharrei erantzuten dieten prozesu turistifikatzaile eta gentrifikatzaileek eragindako mugimenduek. Era berean, Sismika dira emakumeok* elkarrekin garatzen ditugun estrategiak, gerrak, disidentziak eta erresistentziak. Espero ez dugun lurrikara da Sismika, kultura feministak dakarren luizia, ordena astintzeko behar bizia, eta horri eutsi nahi diogu ere bizi dugun garai sismiko honetan”, azaldu zuten aurkezpenean antolatzaileek.
18:00etan hasiko da jaialdia, val flores idazle eta ekintzailearen Queer pedagogiak: oldarraldia normalitateari, minuskulen hizkuntza batetik hitzaldiarekin. Ondoren, 19:30ean, Kearen Artxibogileak taldearen bisita gidatu performatiboa egingo dute, Tabakaleraren historia lehenengo pertsonan ezagutzeko. Jarduera horretarako izena eman behar da, Tabakaleraren webgunearen bidez. Gainontzeko egunetako egitarau osoa Feministaldiaren webgunean kontsultatu daiteke.

