Donostiako Gurutze Gorriak jaso du Gipuzkoako Urrezko Domina
Matia kaleko Gurutze Gorriaren eraikina. (Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia) Gipuzkoako Foru Aldundiko Diputatuen Kontseiluak asteartean onartu du Gipuzkoako Urrezko Domina, Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioari ematea. Abenduaren 17an emango zaio bereizgarria, kasu honetan Urrezko Plaka, kolektiboa baita jasoko duena, foru jauregian bertan egingo den ekitaldi batean. Gipuzkoako Urrezko Domina, foru erakundeak ematen duen bereizgarri gorena da.
Eider Mendoza foru bozeramaileak azaldu duenez, 2020ko udaberrian pandemia iritsi zenean Gipuzkoak “egoerak eskatzen zuen mailan erantzuten jakin zuen”, lurraldeak erantzun hori sarean eman zuelako. “Denbora errekorrean, sarea ehundu zen, erabakiak hartu ziren eta erantzun partekatu bat eraiki genuen. Horren erakusle argia da Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioa, eta hori da aitortu nahi izan duguna”, azaldu du.
2020ko martxoaren hasieran, COVID-19ak adinekoen egoitzak bereziki kolpatu zituen. Honen aurrean, pandemiaren unerik zailenean, nabarmendu du Donostiako Gurutze Gorriaren Zentro Soziosanitarioak urrats erabakigarria eman zuela: “Gauetik goizera, Gipuzkoako egoitzetako egoiliarren COVID-19aren arretarako lehen zentro erreferente bihurtu zen”.
Foru arduradunak esan duenez, planteamendu berritzaile hori beste leku batzuetan errepikatu zen geroago. “Zentroak, pandemiaren unerik kritikoenean, erronkari eskuzabaltasunez eta konpromisoz erantzuten jakin zuen. Bertako egoiliarren eta senitartekoen ulermenari eta laguntzari esker, egoitza hustu zen, egoiliarrak beste egoitza batzuetara eraman ziren, eta 130 ohe COVID-19aren arretara bideratu ziren”, nabarmendu du. Martxoaren 23an iritsi ziren lehenengo gaixoak eta azken altak maiatzaren 8an eman ziren; bitarte horretan, guztira 89 pertsona artatu ziren.


