Santa Teresa komentuko «heren bat» erosi du Japoniako fundazio batek
Eneko Goia alkateak nabarmendu du eraikinaren zati handiena Gipuzkoako Aldundiarena dela. Erosleek ezingo dute hotel bat jarri, eta eraikin zatia ikasleentzako egoitza bihurtzea aztertzen ari dira.
Eliza, kanpandorre ondoko eraikina eta baratzeak eskuratu ditu Country Hall Arts fundazioak. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Parte Zaharreko Santa Teresa komentuaren zati bat eskuratu du Londresen egoitza duen Country Hall Arts (CHA) fundazio japoniarrak. Gazteak artean, zineman, literaturan, arkitekturan eta bestelako diziplinetan heztea da beraien helburua. Ildo horretatik, komentuaren zati bat ikasleentzako egoitza bihurtzea aztertzen ari dira.
Udaleko iturrien arabera, CHA «kultur fundazio» bat da, eta ez «inbertsio funts» bat. Komentuak babes berezia du, Parte Zaharreko sei kategorietatik babes maila handiena. Gainera, A kategoria ere badu, Parte Zaharreko eta Kaiko Monumentuen Multzoko eraikinetako bat delako. Ondorioz, kongregazio erlijiosoak edozeini saldu aurretik udalari eta aldundiari eskaintzeko beharra zuen. Dena dela, bi erakunde publikoek ez zuten interesik erakutsi eraikina erosteko. Horiek horrela, 3,5 milioi euroan erosi du eraikin zatia CHA fundazioak.
Eneko Goia alkateak salmenta baieztatzearekin batera, nabarmendu du Santa Teresa komentuaren «heren bat» dela inbertsore japoniarrek erositakoa. Zehazki, komentuaren eliza, kanpandorre ondoko eraikinak eta baratzeak dira eskuratu dituztenak. «Beste bi herenak Gipuzkoako Aldundiarenak dira, eta han dago Euskadiko Arkitektura Institutua», adierazi du Goiak.
Eraikin zatian ezingo dute hotelik eta ostalaritza establezimendurik jarri udalak 2018an Parte Zaharra «gune ase» izendatu ondoren. «Inbertsoreek badakite zer jar dezaketen eta zer ez. Hori argi adierazi die udalak. Hortik harago, inbertsoreak proiektuaren azterketa fasean daudela aurreratu dezaket. Dena dela, oraindik ez digute proposamen zehatzik aurkeztu», gaineratu du Goiak.
Oposizioaren kritika
Erosketa honen aurrean, EH Bilduk adierazi du hotel proiektuen aurrean «udal gobernuari kito esateko» ordua dela. Albiste honek «harridura eta haserrea» eragin du Parte Zaharreko bizilagunen artean, gaineratu dutenez. Auzoan bestelako beharrak daudela dio EH Bilduk, eta ostalaritzara bideratutako proiektuak auzoak behar dituen «azken gauzak» direla nabarmendu du. Bukatzeko, udal gobernuari eskatu diote «legezkotasun zalantzagarriko eta zilegitasunik gabeko proiektuak baimentzeari uzteko».
Santa Teresa komentuaren zati baten salmentaren harira, Elkarrekin Donostiako zinegotzi Haizea Garaik sare sozialetan adierazi du «Donostia salgai» dagoela: «Ondarea galtzen ari gara beste batzuek negozioa egin dezaten. Hotelik edo jatetxerik egongo ez dela esango dute, baina beste izen bat jarriko diote eta ostatu ematea eta ostalaritza egongo dira. Beste urrats bat oporretarako hirian».

