Eneko Goiak dio "erabaki okerra" dela COVID ziurtagiria ezartzeko eskaera baztertu izana
COVID ziurtagiria exijitzeko eskaera baztertu zuen atzo EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Horren inguruan galdegin diote Eneko Goia alkateari, eta “erabaki okerra” dela adierazi du. Goia ziurtagiria ezartzearen aldekoa da: “Bizi dugun egoeraren aurrean, neurriak hartzea garrantzitsua da. COVID ziurtagiria horietako bat izan zitekeen”.
Hiriko intzidentzia mailak eta positibo kopuruak gora egiten jarraitzen du, eta horrekin kezkatuta dagoela aitortu du Goiak. “Berriz ere egoera zail batean gaude, eta atzoko datuek horrela erakusten dute. Halere, proportzionalki ospitalizazio kasu gutxiago daude. Nik baino gehiago dakitenek diotenez, gurean dagoen txertaketa maila zabalaren ondorioa da hori”.
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren epaia ez du irakurri alkateak, aukerarik izan ez duelako. Ordea, “hiritar gisa” bere iritzia plazaratu nahi izan du. “Nik ez dut ulertzen. Harrigarria iruditzen zait horrelako neurri bat baztertzea, baina, batez ere, estatu berean epaitegi desberdinek gauza desberdinak esatea. Nekez ulertu daitekeen gauza da. Lege marko berean gaude, eta ez da oso logikoa leku batean gauza bat erabakitzea eta beste batean kontrakoa. Arazo bat sortzen du horrek, eta horren ondorioetako bat izan daiteke sektorearentzat okerragoak diren neurriak hartu behar izatea”.