Martuteneko tren geltokia lekuz aldatzeko proposamena aztertzen ari dira
Maiatzean itxi zuten Barkaiztegiko trenbide pasabidea. Martuteneko tren geltokitik metro batzuetara dago. Ordezko pasabidea eraikitzeko Adifek egindako azterlana onartu du gaur Donostiako Udalak. Horren harira, Eneko Goia alkateak nabarmendu du Martuteneko tren geltokia lekuz aldatzeko proposamena egin diotela Adifi.
“Martuteneko geltokiak arazoak dituela badakigu. Lanak egin beharko dituzte irisgarritasun eta segurtasun aldetik gabeziak dituelako. Hori egin behar dutenez, Donostiako Udalak ikusi zuen aukera ona izan zitekeela geltokia birgaitu beharrean lekuz aldatzeko”, azaldu du Goiak. Zehazki, geltokia Astigarraga aldera mugitzea proposatu du udalak: “Urumea ibaia zeharkatzen duen oinezkoen pasabidearen parean jartzea litzateke egokiena. Lanbide heziketaren eraikin zahar bat dago leku horretan ere”.
Martutenek izango dituen hirigintza garapenengatik ere geltokia aldatzea “komenigarria” litzatekeela esan du Goiak. “Gure proposamena gustatu zaie, eta egiten ari diren azterketan barneratu dute”.
Barkaiztegiko pasabide berria
Eperik eman ez badu ere, udalaren aurreikuspena da oinezkoentzako soilik izango den Barkaiztegiko ordezko pasabidea urtebeteko epean erabilgarri egotea. Okendotegi kalearen bukaeran dagoen pasabidearen antzekoa izango dela aurreratu zuen udalak. Ibilgailuei dagokienez, bidea itxi zutenean semaforo sistema bat jarri zuten zirkulaziorako, eta txandaka noranzko bakarrean. Martutene pasealekutik, Larrañategitik eta Barkaiztegitik sartzen direnak pasatzen dira.
Pasabidea ixteak lotura du AHTarekin. Izan ere, hirugarren haria jartzeko trenbidea zabaltzeko lanak egiten ari da Adif. Era berean, obra horrek harremana du Donostiako AHTaren geltoki berriarekin.