Mobilizazio eguna deitu dute sindikatuek abenduaren 1erako
Abenduaren 1erako, ELA, LAB, ESK, STEILAS, ETXALDE, HIRU, CGT eta CNT sindikatuek, mobilizazio eguna deitu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Herri mugimenduetako eragile ugarik babesa adierazi diote egunari.
Deitzaileen arabera, “2008ko krisiaren ondorio lazgarriak gainditu gabe genituela harrapatu gaitu COVID19ak eragin duen osasun krisiak”. Osasun krisiaz gain, “pandemiak azkartu egin ditu jada bizi genituen krisi anizkoitzak eta sistema kapitalista,
heteropatriarkal eta kolonialistak eragindako zapalkuntzak are gehiago sakondu dira” eragileen ustez.
Sindikatuen ustez, “Europar funtsak Damoklesen ezpata bilakatzen ari dira”, eta hori “ezin dute inola ere onartu”. “Hasieratik argi geratu zen funtsen truke galdegingo zizkigutela doikuntza sozialeko neurriak eta austeritatezko aurrekontu politikak. Urte bukaerarako hartu nahi dituzten erabakien araberakoak izango dira etorkizuneko gure bizi- eta lan-baldintzak”.
Une berezia da deitzaileen ustez, jokoan daudelako hainbat lan eta bizi baldintza: “Pentsioen erreformarako lege proiektuan erretiro aurreratuan murrizketak ezarri nahi dira; ez da inola ere bermatzen 1.080 euroko gutxieneko pentsiorik, ez eta genero arrakala gainditzen ere”. Erreforma hauek “baldintzatu” nahi dituzte, eta mobilizazioa da horretarako hautatutako bidea.
Hego Euskal Herriko hiriburuetan daude deituta mobilizazioak. Donostian goizeko 11:00etan abiatuko da PIO XII plazatik eta arratsaldean 18:30etan Bulebarretik, eragile sozial eta sindikatuak bat eginik.
38 herri eragileren atxikimendua du egunak
Atxikimendua adierazi zuten herri eragileek ere: “Urteetako borrokaren ondorioz irabazitako eskubideen murrizketarik ez dugu onartuko, eta besteren artean pentsio duinerako eskubidea aldarrikatzen dugu. Bai orain pentsiodunak garen zein eta etorkizunean izango garenonak. Genero arrakalarik gabeko pentsio sistema, eros ahalmen errealari lotutakoa, propioa, publikoa eta unibertsala”.
Hau da deialdi honekin bat egiten duen eragile, herri mugimendu eta kolektiboen zerrenda:
Arabako Osasun Publikoa Aurrera plataforma, Argilan-ESK, Ari Du Elkartasun Sarea (Plentzia Gorliz Lemoiz), Arrigorriagako pentsionisten asanblada, Asociación Colectivo Bachue Elkartea, Asociación Mujeres en la Diversidad, Asociación Posada de los Abrazos, ATH-ELE, Berri-otxoak, Bizitzak Erdigunean Koordinadora Feminista, Bizkaiko Emakumeen Asanblada (AMB-BEA), Congreso de los Pueblos, Ehun euskal errepublikaren aldeko mugimendua, Ekologistak Martxan, Emakume Askeak.Mujeres Libres, Eragin, Ernai gazte antolakundea, Euskal Gune Ekosozialista, Euskal Herrian Euskaraz, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxa, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, Euskal Herriko Neska* Gazteak, FeministAlde, Gu ere bagara Bilbo, IKAMA (Ikasleria Martxan), Iniciativa por el Derecho a Techo y Contra la Exclusión Social de Gasteiz, Irauli, Izartu Mungialdea, Kakitzat (Koordinakunde Antimilitarista), Laumunarrieta Memoria Elkartea, Marimatraka Santurtziko Talde Feminista, Mugarik Gabe ONGD, OKA elkartea (Berriz), OMAL-Paz con Dignidad, Oneka Euskal Herriko Emakume Pentsionistak elkartea, Ongi Etorri Errefuxiatuak Araba, Sare Antifaxista eta Trabajadoras no domesticadas.