Astiñeneko zubi berria jartzeko garabi handi bat erabiliko dute
Donostiako Udalak jakinarazi du bihar iritsiko dela Astiñeneko zubi berria jarriko duen garabi handia. Zubiaren piezak duela aste batzuk iritsi ziren eta Urumea ibaiaren bazter batean utzi zituzten. Ostiralean hasiko dira Egia eta Loiola lotuko dituen zubi berriaren egitura pixkanaka ibaiaren alde batetik bestera jartzen.
“800 tonaraino igotzeko gaitasuna duen garabia da, eta Loiolako Erriberatik gertu dagoen ibaiaren ertzean kokatuko da. Ostiraletik aurrera, Egia kalearen aldeko egitura jartzen hasiko dira. Hasteko, pieza handietako lehena jarri behar da, azken asteetan mihiztatuta egon dena. Eusteko, beharrezkoa da ibaian euskarri oinarri bat jartzea. Oinarri hori hormigoizkoa da eta asteburuan lehortzen joango da. Oinarri horretatik bi estribu ateratzen dira Egia kalearen aldera, eta, horri esker, astelehenetik aurrera muntatu ahal izango da egitura alde horretan”, azaldu du Hiri Proiektuetako zinegotzi Duñike Agirrezabalagak.
Gabonak pasata, garabi txikiago bat ekarriko dute pieza ibaian eta estribuetan jartzeko prozesu bera errepikatzeko, baina Loiolako Erriberako pasealekuko ibaiaren ertzean. Aurrerago, bi zatiak lotuko dituzten estribuak jarriko dira erdiko zatian.
2022ko ekainerako erabilgarri
Zubi berriaren taula eta erremateak datorren urteko ekainean jarriko dituzte, eta hilabete horren bukaerarako egongo da erabilgarri. Orduan, Astiñeneko zubi zaharra eraitsiko dute. Zubi berriak diseinu kurbatua izango du, eta hiriko lehendabizikoa da forma horrekin. Ibaiaren gainean bi zutabe baino ez ditu izango; horrela, ur goraldien aurrean oztopoak saihestuko dira. Bestalde, zirkulaziorako bi errei, espaloiak bi aldeetan eta bidegorria izango ditu.