Blas de Otero plazako aferak hautsak harrotu ditu udalbatzarrean
PPren udal taldeak aurkezturiko kontrolerako mozio batek eztabaida piztu du azaroko osoko bilkuran. Alderdi popularrak eskatu du Egiako Blas de Otero plazako segurtasuna indartzeko, azken astetan izan diren lapurretei eta mehatxuei aurre egiteko. Horrekin batera, plaza horretan eta inguruetan ibiltzen diren migratzaileak seinalatu ditu. Zehazki, “migratzaile on eta txarren” arteko bereizketa egin du, eta Blas de Oteron dabiltzanak “drogatzen, lapurretak egiten eta bizilagunak beldurtzen” ibiltzen direla esan du.
Udalbatza osatzen duten gainerako udal taldeak PPren proposamenen kontra azaldu dira, eta batzuek gogor kritikatu dituzte Borja Corominas popularren bozeramailearen hitzak. EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak “diskurtso arrazista elikatzea” egotzi diote, eta proposatu dituzten neurriek ez dutela arazoa konponduko. Corominas asaldatu egin da “arrazista” deitu diotelako, eta EH Bilduko Olaia Duarte zinegotziari gogor erantzun dio: “EH Bilduk guri arrazista deitzea onartezina da. Zuen koalizioan Sortu alderdiak agintzen du, Herri Batasuna izandakoak. Hau da, ETAren beso armatuak. Beraz, soberan dago guri hori leporatzea”. Erantzun horrek giroa gaiztotu du, eta Eneko Goia alkate eta presidenteak eztabaida eten behar izan du. Tentsio handiko unea izan da.
PPk egindako proposamenei dagokienez, ondorengoa eskatu diote udal gobernuari: Blas de Otero plazan zaintza kamera gehiago jartzeko, argiztapena hobetzeko, 24 orduko patruila iraunkor bat jartzeko eta Polizia Nazionala zein Guardia Zibila sartzeko Udaltzaingoa eta Ertzaintza lanean aritzen diren Koordinazio Mahaian. Lehen bi eskaerak udal gobernuak dagoeneko bete dituela nabarmendu dute EAJk eta PSE-EEk, eta patruila iraunkor bat jartzea “gehiegizkoa” dela gaineratu dute. Marisol Garmendia PSE-EEko zinegotziaren eta Corominasen artean ere eztabaida sortu da. Izan ere, PPko bozeramaileak jakinarazi du Garmendia Egiako eremu horretan bizi dela, eta horren inguruko informazioa emateagatik errieta egin dio Garmendiak.