Dantzari hegalaria eta suak izan dira bart, Gabonetako argiak pizteko ekitaldian
Airezko dantza ikuskizun batek eman zion bart hasiera Donostiako Gabonen denboraldiari. Gabonak urrun diren arren, Gabonetako argiak pizteko ekitaldia egin zen Maria Cristina zubian, atzera zenbaketa eta guzti.
Ehunka lagun bildu ziren zubiaren inguruan ikuskizuna ikusteko, eguraldiagatik azken unera arte zer gertatuko zen jakin gabe. Dantzaren unean soilik geratu zen euria, eta ikuskizun berritzaileaz gozatzeko aukera izan zuten azkenean bertaratutakoek. Puxiketan hegan zihoan dantzaria, beste bi lagunek soka batzuetatik eusten zuten bitartean. Ibai gainetik ez zen aritu, baten baten espektatibetan hala zegoen arren.
Hiriko agintariak eta enpresariak izan ziren ere inaugurazio ekitaldian. Politikarien artean Eneko Goia alkatea, Marisol Garmendia Sustapen Ekonomiko eta Enpleguko zinegotzia eta Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuordea. Hitzartze gehienak gazteleraz egin zituen speaker-ak, giroa animatzeko helburuarekin, txalo bero bat eskatu zuen haientzat, arrakasta handiegirik gabe.
Dantza ikuskizunaz gozatu ostean, atzera kontu bat egin zen Donostiako Gabonetako argiak pizteko. Eta amaitzeko, su festa xume bat izan zen Maria Cristina zubitik.
Aurten, Gabonetako argien kostua 410.000 eurokoa izango da, eta horietatik 225.000 babesle pribatuetatik iritsiko dira.