Igarotako bidearen kronologia bat
Kirol emaitzak

Ibaeta Basket gora begira jarri da

Ibaeta_Basket (Argazkia: Ibaeta Basket)

Azken bi neurketak galdu ostean, Ibaeta Basketek garaipen garrantzitsua eskuratu zuen larunbatean Gascan. Azu Muguruzak gidatzen duen taldearentzat ez zen batere partida erraza izan, eta azken laurdenaren bukaeran erabaki zen. Garaipen honi esker, sailkapenaren erdira itzuli eta gora begira jarri dira.

Futbolean, Realak denboraldiko bigarren porrota jaso zuen Espanyolen zelaian. Hain zuzen, txuri-urdinek Bartzelonak galdu dituzte ligako bi neurketak. Oraingoan, Realak partida ona izan zuen, une askotan aurkaria baino hobea izan zen, baina Mateu Lahoz epaileak nabarmen baldintzatu zuen emaitza. Isakek sarturiko gol bat baliogabetu zuen jokaldian epailea ukitu zuelako. Dena dela, epaileak berak jokaldia jarraitzeko baimena eman zuen, Isakek gola egin arte. Orduan erabaki zuen gola baliogabetzea. Horrek jokalarien eta jarraitzaileen haserrea eragin zuen. Aldiz, partida bukatzeko hamabost bat minutu falta zirenean etxeko taldeak gola egin zuen, eta hiru puntuak Bartzelonan geratu ziren. Txuri-urdinak orain sailkapeneko hirugarren postuan daude 29 punturekin.

Izotz hockeyan, jardunaldi paregabea izan zen Txuri Urdinentzat. Neskek, beste behin ere, irabazi egin zuten etxean Jacaren aurka. Mutilek, berriz, Milenio Logroño gainditu zuten Errioxako hiriburuan. Neskek lidergoa are gehiago sendotu dute, eta mutilek sentsazio onak eta konfiantza berreskuratu dituzte.

Snowboardean, ez da astebururik onena izan Lucas Egibar eta Alvaro Romero donostiarrarentzat. Atzo Secret Gardenen (Zhangjiakou, Txina) jokatu zen Munduko Kopan, Romero 22. postuan sailkatu zen eta Egibar 23. postuan.

EMAITZAK

Saskibaloia

Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia

  • Ibaeta Basket 71 – Bembibre 67

Futbola

Gizonezkoen lehen maila, 15. jardunaldia

  • Espanyol 1 – Reala 0

Izotz Hockeya

Emakumezkoen lehen maila, 9. jardunaldia

  • Txuri Urdin 6 – Jaka 0

Gizonezkoen lehen maila, 11. jardunaldia

  • Milenio Logroño 6 – Txuri Urdin 11
HITZAkide HITZAkide