Arteleku plazako lanak eremua egonkortzean hasiko dituzte
Donostiako Udalak Campezo eraikuntza enpresari adjudikatu zion urrian Txomiñeneko Arteleku plaza egiteko kontratua. 1,5 milioi euroko aurrekontua zehaztu zuten eta bost hilabete eta erdiko epea lanak bukatzeko. Gaur, ordea, lanak bertan behera utziko ditu udalak, “eremua egonkortu gabe” dagoelako.
Txomiñeneko auzo berria aurreko zorua baino hiru metro gorago eraiki zuten, ur goraldiei aurre egiteko. Horrek hainbat arazo sortu ditu hasieratik, eta bizilagunak maiz kexatu izan dira. Izan ere, eremua ez da espero bezala egonkortu eta arrakalak sortu dira eraikinetan eta espaloietan. Arrazoi horrengatik, eremua ezegonkorra delako, lanak geldiko dituzte.
Hasiera batean, Arteleku plaza 2022 hasierarako bukatuta egotea aurreikusten zuen udalak. Lanak eten ostean, datorren urteko udara arte gutxienez ez da plaza erabilgarri izango.