Emakume sortzaileen azoka antolatu du Teila Fabrikak
Dinagu kolektiboaren Nomadak gaitun! azoka ibiltariaren hurrengo geltokia Donostian izango da, abenduaren 18 eta 19an. Egiako Teila Fabrikan egingo da azoka, eta hurbiltzen denak bertako emakume sortzaileen lanak ikusi eta erosteko aukera izango du.
Sormena bizimodu bihurtzeko apustua egiten ari diren 34 emakume sortzaileren lanak egongo dira bertan asteburuan zehar. Moda, ilustrazioa, bitxigintza, eta dekorazioaren esparruan lan egiten duten Euskal Herriko proiektuak.
Lehenengo aldiz, bi egunetako formatua izango du azokak. Larunbatean ( 11.00-14.30 16.30-20.30 ) eta igandean ( 11.00-18.30 ) egun osoz egingo da azoka. Oraingo honetan Egia auzoko Teila Fabrikan kokatuko da azoka. Balore eraldatzaileetan garatzen diren proiektuen teilatupea da Teila Fabrika eta elkarlan, ekonomia soziala eta kultura ditu ardatz.
Egitasmoak auzoko beste eragile eta ostatuen laguntza ere izango du: Egiako Jai Batzordea, Garraxi eta Koxkorrio tabernena, besteak beste. Azken honetan, Nomadak gaitun! pintxo berezia dastatzeko aukera izango da.
Gabonetarako kontsumo kontzientea
Iazko Gabonetan hasitako #nikbertakoaoparitzendut ekimenarekin jarraituz, aurten ere modu kontzientean erosteko deia egin dute kolektibotik. “Proiektu hauek guztiek behar duten hauspoa izateko” eskatu diete herritarrei, “guztion artean kontsumo eredu berri baten alde egiteko”.
Euskal Herrian diseinua eta sormenaren esparruan diharduten emakumeen lanaren erakusleiho izan nahi du Nomadak gaitun! azoka ibiltariak. Euskal Herrian “sakabanaturik dauden” sortzaileen elkargunea izateko sortu da, “pixkanaka gure arteko sarea josi eta mugimendu oso bat bideratzeko asmoz”. Adierazi dutenez, “plazako bizitzan sinesten dugu eta bertan sortzen diren zuzeneko harremanetan. Horregatik, sormenaren esparruan daukagun aukera zabala erakutsi nahi diegu herritarrei eta bide batez, egungo kontsumo ereduen inguruko hausnarketa eragin”.