Tarteko '-istarik' egon beharko du, ala?
(Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) “Quo Vadis, nora zoaz, QR gabe hemen sartzerik ez!”. Nora zoaz, maskara gabe, txertorik gabe, distantzia gabe, beldurrik gabe. Esperimentu eta esperpentoaren arteko mugan gabiltza dantzan kasik bi urtez, hobetzeko itxura gutxirekin.
Kontrol soziala kritikatzen dutenei erantzuten zaie: “Segapoto bidez ere kontrolatzen gaituzte, eta Facebookek, eta NANarekin…”. Baina kontrol soziala dugulako kontrol soziala ez kritikatzea baino absurdo handiagorik ez zait okurritzen orain.
Esaldi ezagun bat badu Edward Snowdenek: “Ezer ezkutatzeko ez duzulako, pribatutasunak kezkatzen ez zaituela esatea, ezer esateko ez duzulako adierazpen askatasunak kezkatzen ez zaituela esatea bezalakoa da”. Gure eskubideekin negozioa egiten da, ezer negoziatu gabe.
Eta aurrekari arrunt tristea uzten ari gara. Zeren ez dakit zuei, baina niri ez dit inongo konfiantzarik ematen gure agintarien eta enpresari erraldoiek esaten duten ia ezerk. Eta %90 txertatuta dagoen gizarte batean, horren neurri gogor eta baztertzaileak gutxiago. Negazionista eta tragazionista artean, egon beharko duelako beste -istarik, ala?

