Covid ziurtagiriak dakarren kontrol soziala salatu dute ehunka lagunek GKSk deituta
Ostiralean, Gazte Koordinadora Sozialistak deituta, 400 bat lagun bildu ziren Gipuzkoa plazan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean, COVID ziurtagiriaren kontra.
Covid ziurtagiriari ez! Burgesiaren ofentsibari aurre egin lelopean batu dira mugimendu sozialistako kideak, “Covid pasea kontrol soziala” dela salatuz. Joan den astean sartu zen indarrean EAEn neurri hau ostalaritza lokaletara sartzeko eta zenbait ekitalditara bertaratu ahal izateko, eta Eusko Jaurlaritzak eremu gehiagotara zabaldu nahi du orain.
GKSren arabera: “Osasun neurri bat baino gehiago, kontrol soziala handitzen duen neurri bat da Covid ziurtagiria”. Gazte mugimenduaren ustez, “erabat normalizatu da koronabirusaren hedapenari salbuespen politiken bitartez erantzutea, eta badirudi birusari aurre egiteko modu bakarra eskubideen urraketak eta kontrol sozialaren handitzea direla”.
Farmazeutiken eta enpresari handien interesei erantzuten diela salatu dute eta kontrol sozialerako bitarteko bat izateaz gain, “osasun arazoaren aterabide errealik” ez duela eskaintzen argudiatu dute.
Salatu dutenez, “osasungintza sistema indartsu eta unibertsal baten beharra eztabaida publikotik guztiz kanpo geratu” da. “Egungo gizarte kapitalistan” osasunaren auzia “lehen mailako arazo” bat dela diote, baina horri ezingo zaiola inola ere “aterabide integral eta errealik eman osasun politika burgesen bitartez”.
Donostiako mobilizazioaz gain Gasteizen eta Bilbon ere batu dira, denera mila lagun inguru batuz, antolatzaileen arabera.