Igarotako bidearen kronologia bat
Kirol emaitzak

Txuri Urdinek hamargarren partida jarraian irabazi du

Txuri_neskak Txuri Urdineko neskak, partida batean.

Emakumezkoen izotz hockey ligako sailkapenaren buruan jarraitzen du Txuri Urdinen nesken taldeak. Jokatutako hamar neurketak irabazi dituzte, orain arteko puntu guztiak batuz. Guztira, 30. Atzo eguerdian Milenio Panthers menderatu zuten Txuriren izotz pistan. Gizonezkoek, berriz, huts egin zuten Jacara egindako bidaian. Esku hutsik itzuli ziren atzo nabarmen galdu ondoren.

Futbolean, jardunaldi petrala izan zen Realarentzat. Batetik, emakumezkoen taldeak azken minutuetan berdindu zuen Zubietan Huelvaren aurka. Mingarria izan zen azken unean puntu bakarra eskuratzea. Bestetik, denboraldiko bigarren astindu gogorrena jaso zuen gizonezkoen Realak Betisen zelaian. Remiro atezainaren akats batek baldintzatu zuen neurketa, eta ordutik aurrera ezinean aritu zen talde txuri-urdina. Gol zakua jaso zuten bigarren zatian. Berriz ere galduta, goiko postuetatik urrundu dira.

Saskibaloian, Ibaeta Basketek hirugarren partida jarraian irabazi zuen Leganes arerio zuzenaren kontra. Espainiako kopan aritzeko aukerak ditu Azu Muguruzak gidatzen duen taldeak, eta bistan da helburu hori lortzeko lanean ari direla. Liga modu irregularrean hasi ondoren, pixkanaka berreskuratu dute konfiantza, eta emaitza onak lortzen ari dira.

EMAITZAK

Izotz Hockeya

Emakumezkoen lehen maila, 10. jardunaldia

  • Txuri Urdin 7 – Milenio Panthers 1

Gizonezkoen lehen maila, 13. jardunaldia

  • Jaca 7 – Txuri Urdin 3

Futbola

Emakumezkoen lehen maila, 13. jardunaldia

  • Reala 2 – Huelva 2

Gizonezkoen lehen maila, 17. jardunaldia

  • Betis 4 – Reala 0

Saskibaloia

Emakumezkoen lehen maila, 12. jardunaldia

  • Ibaeta Basket 69 – Leganes 58
HITZAkide HITZAkide