Sei musika talde hautatu ditu Kutxa Kultur Musikak 2022ko egonaldirako
Lamiak taldea. Kutxa Kultur Musika 2022 egonaldi programan parte hartzeko taldeen hautaketa egin berri du. Aukeraturiko sei proiektuek duten “hazteko ahalmen handia” azpimarratu du fundazioak, eta bidean laguntzearen alde egingo du. Sei aukeratuak Kyxo, Julen, Lamiak, Deñe, Txiltxoko eta Tek au Maisin dira. Horietatik soilik, Lamiak dira donostiarrak.
Aukeratutako talde eta bakarlariak urtebeteko egonaldia izango dute Kutxa Kultur-en; bertan, entsegu lokal bat izango dute, hainbat emanaldi programatuko dira eta sustapen lanerako prestakuntza eta aholkularitza eskainiko zaizkie.
71 talde aurkeztu dira, eta lehen sailkapenean 21 hautatu diren arren, horietatik seik izango dute programan parte hartzeko aukera. Azpimarratu dutenez, aurkeztutako taldeen “% 70ek euskara erabiltzen dute beren errepertorioan, baina emakumeen presentzia duten taldeen kopuruak behera egin du, eta % 38 dira orain”.

