Maria Inmaculadako aparkalekuari argi berdea eman dio udalak
Urria bukaeran, Donostiako Udal Gobernuak mahai gainean utzi zuen Groseko Maria Inmaculada ikastetxean aparkaleku bat eraikitzeko lizentzia. Bi hilabete beranduago, argi berdea eman diote. Hain zuzen ere, udalak lizentzia eman dio Bi Berri Donosti enpresari 320 plazako lur azpiko aparkalekua eraikitzeko, Ategorrieta hiribideko 14, zenbakian. 93 plaza erabilera publikokoak izango dira eta 227 erabilera pribaturako. Bi urte izango dituzte lanak bukatzeko.
Donostiako Udalbatzak uztaileko osoko bilkuran onartu zuen Groseko Maria Inmaculada ikastetxearen lursaileko azken xehetasun ikerketa. Ikastetxea itxita, Maria Inmaculada Provincia España fededunen kongregazioak udalari aurkezturiko hirigintza proposamena garatu ahal izango du. Hau da, lau izarreko hotel bat, ikasleentzako egoitza bat, supermerkatu bat, jatetxe bat eta lurpeko aparkaleku bat eraiki ahal izango dituzte.