96.867 ikusle izan dira 69. Zinemaldian, 2019an baina %45 gutxiago
Olatz Salvadorren kontzertua 69. Zinemaldian, Kursaalean Zinemaldiaren aurtengo edizioaren balorazioa egin dute, pandemiak baldintzatutako Zinemaldia aurtengoa ere. 96.867 ikusle izan dira, “iaz baino %46,2 gehiago, baina 2019an baino %45,8 gutxiago”. Zinemaldiko emanaldietan eta jardueretan 3.680 akreditatu izan dira: 2019an baino %15 gutxiago, baina iaz baino %40 gehiago.
Datorren urtean “aretoak %100ean betetzeko aukera egon zein ez, Zinemaldiak sarrerak erreserbatzeko sistema berraztertzea” proposatzen du, baina hemendik aurrera publikoak eserleku zenbakituak izango dituela adierazi dute.
Programazioari dagokionean, “kritikak eta zinema industriak azken urteetako balorazio onenetako bat” egin dute. Atzera begirakoa itzuli da aurten, “korear zinemaren urrezko aroari eskainia, baita Klasikoak saila ere. Belodromora itzultzea besterik ez da falta, eta espero dugu hurrengo edizioan gertatzea”. Zinemaldiak “ahalegin handia” egin du Nest programak bi hamarkada bete dituela ospatzeko. Lehen aldia da ere Zinemaldiak hilean behingo programazio bati ekin diola, Tabakaleran, Zinemaldia + Plus programaren bidez.
Parekidetasuna erronka oraindik
Genero-identifikazioaren gaineko txostena argitaratu dute hirugarrenez, emakumeen parte hartzearekin egindako zinema proiektuek Zinemaldian zer presentzia duten azaltzen du datutan. Aurten, “genero femeninoko pertsona gisa identifikatzen diren profesionalak Zinemaldiko ikusgarritasun handieneko lekuetan egon dira (Sail Ofizialeko lehiaketan, epaimahaietan eta sarietan)”, baina oraindik ere, onartu dute “ez dela aldaketa nabarmenik izan zenbaki orokorretan”. Izan ere, “emakumeen parte hartzea %30ekoa da zuzendaritza, ekoizpen, gidoi eta muntaketa kategorietan, eta are txikiagoa argazki zuzendaritzan eta musika konposizioan.
Gizonezko eta emakumezko aktore onenen sarien ordez interpretazio nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra emateko erabakiak eta Johnny Deppi Donostia Saria emateak sortu zuen eztabaidarekin, “Zinemaldiak are irmoago ekin dio polarizazio garai hauetan eztabaida gune irekia izateko ahaleginari”.

