Realak kopan aurrera egin du Zamora mendean hartuta
Beñat Turrientes Realeko jokalaria Zamorari sarturiko gola ospatzen. (Argazkia: Reala) Bigarren kanporaketa ere gainditu du Realak. Atzo arratsaldean, kopako partida jokatu zuten Zamoraren zelaian, eta 3-0 irabazi zuten. Guridik, Turrientesek eta Oiartzabalek egin zituzten txuri-urdinen golak.
Lanbroak baldintzaturiko norgehiagoka izan zen, eta bigarren zatira arte ez ziren golak iritsi. Korner baten aldaratzean, Guridik gola egiteko aukera probestu zuen. Markagailuan aurretik jarrita, Realak neurketa kontrolatzeko aukera izan zuen. Aukera garbiak sortu zituzten, eta beste bi gol egin. Oiartzabalen erdiraketa baten ondoren, Turrientesek baloia hartu eta sareetara bidali zuen. Kapitainak ere bere gola egin zuen, azken jokaldian Porturen erdiraketa bat baliatuta.
Kopako hirugarren kanporaketarako sailkatu ostean, txuri-urdinak zozketa bidez erabakiko den aurkariaren zain geratuko dira.

