Arraun sasoiari neurria hartzeko unea iritsi da
Udak hondartza denboraldia dakar, eguraldi ona, beroaldiak eta zaparradak. San Joan suak piztu ohi du urtaroa, eta festa giroa areagotuz doa oporraldiarekin bat eginez. Udan ere kirola egiten da, eta, batez ere, arrauna izan ohi da protagonista. Bihar abiatuko dira emakumezkoen Euskotren eta gizonezkoen Eusko Label ligak, Bilboko estropada eremuan. Etzi, berriz, Donostian izango dute bigarren jardunaldia. Hiriko bi klubak eta lau traineruak lehiarako prest daude.
Estatxa askatu eta abiatzeko gogotsu daude Donostia Arraun Lagunaken eta Donostiarraren traineruak. Ziaboga izango dute aurrena helburu, ondoren helmuga, eta, azkenik, bandera. Hori izan ohi da estropada bakoitzaren errituala. Hori, eta askoz gehiago ere. Azken hilabeteetan lana gogotik egin dute entrenamenduetan, eta denboraldi aurreko lagunarteko eta txapelketek ezin dute argitu bihartik aurrerakoa.
Bilboko uretan estreinatuko dituzte Euskotren eta Euskolabel ligak. Erlojuaren kontra ariko dira hamasei traineruak; emakumezkoen ligako lauak eta gizonezkoen ligako hamabiak. Neskak 17:40ean hasiko dira bihar lanean, eta 18:13ean mutilak.
Euskotren ligaren erdia donostiarra da. Donostia Arraun Lagunak iazko ligaren txapelduna eta Donostiarra hirugarren sailkatua lau onenen artean daude. Orio lehiakide zuzena eta igo berri den Tolosaldea dira beste biak. Iazko liga bi traineruren artekoa izan zen. Donostia Arraun Lagunak eta Orio buruz buru aritu ziren ligako azken txanpara arte. Azkenik, donostiarrek eskuratu zuten saria. Iazkoa dagoeneko iragana da, eta aurtengo banderen lehia baliteke biren, hiruren eta lauren artekoa izatea. Gogora dezagun Euskotren ligaren azken urtea izango dela lau trainerurekin. Datorren sasoitik aurrera zortzi izango ditu.
Euskolabel ligari dagokionez, Donostiarrak beste hamaika traineru izango ditu parez pare: Santurtzi, Hondarribia, Orio, Zierbena, Bermeo Urdaibai, Ondarroa, Cabo da Cruz, Ares, Lekeitio, Getaria eta Kaiku. Pasa den urtean, ohorezko txandan egonkortzea lortu zuten, baina banderen lehiatik kanpo geratu ziren gainerako arerioek ez zutelako apurrik utzi. Hori aldatzeko lanean aritu dira, eta bihartik aurrera beste pauso bat ematen ahaleginduko dira.
Azkenik, KAE 2 liga aipatu behar da, gizonezkoen hirugarren mailan dagoelako Donostiarraren bigarren taldea. Iragan asteburuan hasi zuten liga, eta helburu argi bat dute, harrobitik datozen arraunlari gazteak trebatzea.