Bezeroek eta lagunek agur beroa eman diete
Parte Zaharreko Los Italianos izozki denda eta kafetegia itxi dute, baina azken eguna ez dute berehalakoan ahaztuko.
(Argazkia: Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea) Erretiroa hartu dute Joxe Mari Arinek eta Fatima Maritxalarrek. Aurreikusitakoa baino bi urte lehenago itxi behar izan dute Aldamar kaleko Los Italianos izozki denda eta kafetegia. Erabaki horren inguruko arrazoiak Arinek eman zizkion IRUTXULOKO HITZAri eskainitako elkarrizketan.
Azaroaren 30ean establezimendua behin betiko itxiko zutela iragarri zuten, eta horrela izan zen. Dena dela, ez ziren esku hutsik erretiratu. Bezeroen eta lagunen agur beroa jaso zuten atzo iluntzean. Los Italianos inoiz ez bezala bete zen jendez, eta omenaldi sentitua eskaini zieten Arini eta Maritxalarri. Jose Ignazio Ansorena txistulariak parte hartu zuen agurrean hainbat pieza joz, eta dantzariak ere ez ziren falta izan. Horrekin batera, hainbat lagunek bertso bat prestatu eta kantatu zieten atseden hartzea erabaki duten saltokiko arduradunei.
Hona hemen Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak helarazitako argazki bilduma:

