San Silvestre lasterketan 3.000 lagunek baino gehiagok parte hartuko dute
Egun gutxi falta dira 37. San Silvestre lasterketarako. Hilaren 31n izango da, eta 3.000 parte hartzaile baino gehiago izango dituela adierazi dute antolatzaileek. Gaur goizean egin dute lasterketaren aurkezpena Donostiako Udaletxean, eta aurtengo berrikuntza esanguratsuena nabarmendu dute; hau da, 14:00etan izango dela irteera –normalean baino bi ordu lehenago–. Realak eta Osasunak Anoetan jokatuko duten euskal derbiarengatik aurreratu dute.
Parte hartu nahi dutenek San Silvestre lasterketaren webgunean eman behar dute izena. Hilaren 28ra bitarte 12 euroan egin daiteke, eta hilaren 29aren aurretik 17 euroan. Egunean bertan ezin izango da izena eman. Dortsalak Amara kaleko frontoian banatuko dituzte hilaren 29an eta 30ean, 11:00etatik 19:30era. Hilaren 31n, arropa 12:00etatik aurrera jasoko dute Easo plazan, 250 dortsaleko tarteak hartzen dituzten karpa berezietan. Eguraldi aurreikuspena txarra bada, zerbitzu hori frontoian eskainiko dute.
Easo plazan hasi eta bukatuko da lasterketa. San Martin kaletik eta Mirakontxatik Antigua auzorantz joango da errepidean zehar. Tunela igaro ondoren, Satrustegi eta Eduardo Chillida kaleetara joango da, eta Ondarretako hondartzara iritsiko da. Ondarreta pasealekua zeharkatuko du lehenik, eta, ondoren, Kontxako pasealekua. Portaleta igaro ondoren, Parte Zaharra zeharkatzen duen ibilbide alaira iritsiko gara, Portu kalean, Kale Nagusian, Abuztuaren 31ko kalean eta Zuloaga plazan barrena. Lasterketa, Gros auzora iritsiko da eta, Kursaaleko kuboak igaro ondoren, atzera egingo du Bulebarrerantz, eta, azkenik, Easo plazan bukatuko da. Han, freskagarriak eta fruta emango zaizkie korrikalariei.
Aurten, Abuztuaren 31 kalearen bukaeran, Zuloaga plazan, anoa bat jarriko dute, berriz ere. Horrez gain, musika animazioa eskainiko du DJ batek Parte Zaharrean, Santa Maria elizaren parean. Bestalde, obrengatik aurten ezingo dira Kontxako dutxak erabili.
Sariei dagokienez, gizonezkoen eta emakumezkoen lehen bost sailkatuek jasoko dituzte. Irabazleek, IRUTXULOKO HITZAk babesturiko txapela jantziko dute, Gabonetako oparia eta 400 euro erosketetan gastatzeko. Bigarrenek, Gabonetako oparia eta 250 euro erosketetarako. Hirugarrenek, Gabonetako oparia eta 150 euro erosketetarako. Laugarrenek, 100 euro erosketetarako, eta, bosgarrenak 50 euro. Bestalde, mozorrotuta irteten diren parte hartzaile guztien artean, Gabonetako saski baten saria emango zaio mozorro onenari (indibiduala edo taldekakoa izan daiteke).
San Silvestre txikia
Urteko azken eguna iritsi baino lehen, IV. San Silvestre Txiki solidarioa egingo dute hilaren 24an. Lasterketan 13 urte bitarteko haurrek parte hartu ahalko dute, kategoria eta ordena honetan: haurrak 12-13 urte (1.130 metro), kimuak 10-11 urte (565 metro), benjaminak 8-9 urte (375 metro), benjamin aurrekoak 6-7 urte (220 metro) eta txikiak 4-5 urte (100 metro).
Proba asfalto gainean egingo da, Autonomia, Pedro Egaña eta Easo kaleak zeharkatuz, irteera eta helmuga Easo plazan izango dituen hiri zirkuitu batean. Salbuespena txikien kategoriako lasterketan egingo dute, Easo plazako oinezkoen eremuaren barruan egingo baita.
Dortsalak 15:00etan banatuko dira Arroka plazan, eta Realeko atletismo saileko entrenatzaileen ardurapean geratuko dira haurrak. Irteerak 16:00etatik aurrera izango dira, Easo plazan. Kategoria bakoitza amaitutakoan, helmugan bertan, haurrak arduradunei entregatuko zaizkie helmugaren inguruan.
Izen-emateak lasterketaren webgunean egin behar dira. Parte hartzeak 3 euroko kostua du, eta bildutako zenbateko guztia dohaintzan emango da. 600 dortsal izango dira guztira. Parte hartzen duten guztiei kamiseta bat oparituko zaie dortsala jasotzen duten unean, eta lasterketan hura jantzita parte hartzera animatzen zaituztegu. Ez da saririk izango lehen sailkatuentzat, lasterketaren helburua parte hartzea baita guztiz, eta ez lehiatzea.