Igarotako bidearen kronologia bat

Udalak bertan behera utzi du etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratazioa

EtxezEtxe

Donostiako Udalak bertan behera utzi du etxez etxeko laguntza zerbitzuaren kontratazio espedientea. Iazko urriaren 11n onartu zuen udalak, eta 50.962.216 euroko aurrekontua zehaztu zuen. Dena dela, AGISAS elkarteak aurkezturiko helegite baten ondorioz, erretiratu behar izan dute.

Hain zuzen ere, iazko azaroan Gipuzkoako Gizarte Integratzaileen eta Animatzaile Soziokulturalen elkarteak (AGISAS) kontratazio arloko helegite berezia aurkeztu zuen, udalak onarturiko lizitazioaren kontra. “Arbitrarioa” eta “baztertzailea” zela argudiatu zuten, lanpostu horietara ezin zirelako aurkeztu Gizarteratzeko goi mailako teknikariak. Udalak helegitearen aurka egin zuen, baina iragan urtarrilaren 23an Euskadiko Kontratuen Inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (KEAO) arrazoia eman zion AGISAS elkarteari.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua Senior enpresari adjudikatu zion udalak urtarrilean, eta 2,4 milioi euroko fidantza aurreratu zuten. Orain, diru hori itzuli beharko dio udalak enpresari. Horrekin batera, kontratazio espediente berri bat prestatu beharko dute aipaturiko zerbitzua adjudikatzeko.

Etxez etxeko laguntza zerbitzua asistentziala eta prebentziozkoa da. Pertsonari bere etxean egoten laguntzea du helburu. Hala, laguntza pertsonala eta etxekoa eskaintzen dio. Lanak egiteko eta zainketa eskaintzeko mugaren bat duten pertsona indibidualei zein familia taldeei zuzenduta dago. Kasu batzuetan, zaintzailearentzako atseden gisa ere bai.

HITZAkide HITZAkide