
Igeldoko Herri Kontseiluak «pozgarritzat» jo du udalarekin Tokiko Erakunde Txiki izateko proposamena adostu izana. Aldundiaren erantzunaren zain, itxaropentsu daude, tresna berriak urteetan eskatu duten tokiko kudeaketa ahalbidetu dezakeelako.

Turistifikazioaren Aurkako Urria antolatu du Bizilagunekin plataformak. Askotariko jarduerak eraman dituzte aurrera: mahai inguruak antolatu, pankarta erraldoiak jarri, eta Parte Zaharraren egoera eta ostalaritzan euskarak bizi duen bazterketa salatu dituzte, besteak beste. Etzi manifestazioa antolatu dute, 12:00etan, Alderdi Ederretik hasita.

Zaharrean merkataritza elkarteak Zaharrean Fest jaia antolatu du estreinakoz. Bihar izango da, eta egun osoko egitaraua prestatu dute, ondo pasatzeko ez ezik, herritarrak auzoko dendetan ere erostera animatzeko.


Arrats elkarteak jaso du aurtengo Francisco Javier Gomez Elosegi saria, presoak gizarteratzerako lanagatik. Amaia Lasherasek, elkarteko zuzendaritzako kideak, eta elkartea osatzen duen gainerako lantaldeak, ordea, argi du sariak beharrean, «aldaketak» behar direla presondegien kudeaketan. Bestelako espetxe eredu baten alde egiten dute, talde txikiekin eta arazoak kudeatzeko aukera ematen duten etxebizitzetan oinarrituta.