Asteburuan aisialdiaz disfrutatzeko hiru gomendio
Jaiak, kontzertuak han eta hemen, film proiekzioak eta beste hainbat jardueraz disfrutatzeko aukera egongo da asteburu honetan Donostian.
'Tratamos demasiado bien a las mujeres' filmeko fotograma bat. Ordu batzuk baino ez dira gelditzen asteburuan murgiltzeko! Oraindik planik egin ez baduzu, gure agendan askotariko ekitaldiak aurkituko dituzu, eta, jarraian, egun bakoitzeko gomendio bat egingo dizuegu. Hala ere, ez ahaztu Martuteneko jaiak eta Amara Berriko Superxagu jaiak ere asteburu honetan ospatuko dituztela, eta, beraz, aspertzeko astirik ez da izango bi auzo horietan.
Ostiralerako (hilak 11), zinema arloko gomendio bat: Tratamos demasiado bien a las mujeres filma (Clara Bilbao, 2024) proiektatuko dute Tabakaleran, 19:00etan. Euskal Emakume Zinemagileak zikloaren barruan antolatu dute proiekzioa, eta Bilbao berak egingo du aurkezpena. Remedios Buendia izeneko emakume bat da 1945ean girotutako filmeko protagonista eta makiak ditu tarteko. Sarrerak Tabakaleraren webgunean daude salgai.
Larunbatean, Intxaurrondo Kultur Etxean DJ saio interesgarria antolatu dute, Donostikluba Festibalaren barruan (ostiralean ere badaude emanaldiak). Hain zuzen ere, Rebe eta LaMia Mari DJ-ak arituko dira 21:00etatik aurrera, zaleen gozamenerako. Sarrerak Donostia Kulturaren webgunean daude salgai.
Igandean, asteburua azken bururaino zukutzeko, musika gomendio bat: The Toasters ska talde estatubatuar mitikoaren kontzertua, Dabadaban. 20:30ean izango da, eta sarrerak aretoaren webgunean edo han bertan erosi daitezke.
Bonus track: Nestor Basterretxea artistaren jaiotzaren mendeurrenaren bueltan, artista bizkaitarraren hamabi piezako erakusketa interesgarria jarri dute San Telmo museoan.

