Gabriel Chaileren erakusketa Tabakaleran: identitatea eta memoriaren deskolonizazioa
Tabakalerak Gabriel Chaile artista argentinar ospetsuaren lehen erakusketa indibidual handia aurkeztu du gaur. So eginez aldatu ginen (Contemplando es como fuimos cambiando) izenburutzat duen erakusketa honetan Chaileren sorkuntzarik berrienak ikusteko aukera izango da, baita bere ibilbide artistikoa zeharkatzen duten funtsezko piezak ere. Chaile artista ezaguna da jatorrizko herrien kulturei erreferentzia egiten dieten material xumeak baliatuz eskultura monumentalak sortzeagatik, “identitatearen inguruko gogoeta sustatu eta memoria deskolonizatzeko deia egiten duten lanak”.
Chailek ikerketa antropologikoak eta bisualak garatzen ditu bere obra multzoa zeharkatzen duten funtsezko bi kontzeptuetatik abiatuta. Bata, “beharraren ingeniaritza”, artea bitarteko dela sortutako objektu eta egituretatik abiatu eta haiekin mugako egoera jakin batean baldintzak hobetzen laguntzeko; eta bestea, “formaren genealogia”, objektu bakoitzak, historian zehar errepikatuta, kontakizun bat biltzen duela aditzera ematen duena, testuinguru berri bakoitzari lotuta berreskuratu eta eguneratzen dena. Artistak bi kontzeptuez baliatzen da eskulturak sortzeko, margolanak egiteko eta formatu handiko instalazioak eraikitzeko, historiak eta botere egiturek isilarazitako komunitateak ikusarazteko eta haiei ahotsa emateko.
Bere obran gehien errepikatzen den gaietako bat labe-eskulturak dira, Argentinan herriak erabili izan dituen labeetan inspiratuta, artistak erresistentzia komunitarioaren sinbolo sendo bihurtuak. Adobez eta beste material natural batzuez egindako labe hauek, janaria prestatzearen ekintza kolektiboa ez ezik, elkartasunak dakarren erresistentzia ere irudikatzen dute. Forma horiek, artistaren hitzetan, «memoriaren edukiontziak dira; haietan biltzen dira buztinean bizirik dirauten historien atalak, eta etorkizuna kozinatzen dutenen eskuak». Chailek dio labeen arkitekturak zeramika aurrekolonialen formekin lotura duela, bereziki Argentinako iparraldekoekin. Lotura horrek jarraitutasun kulturala azpimarratzen du, eta hainbat garai eta jatorri lotzen ditu objektu funtzional zein sinbolikoen bitartez.
Antropologo bisuala
Gabriel Chaile Buenos Aires eta Lisboa artean bizi eta lan egiten duen artista da. Arte Ederrak ikasi zituen Tucumango Unibertsitate Nazionalean (Argentina) eta beka eta aintzatespen ugari jaso ditu. Chailek bere burua “irudien komunikatzailetzat” eta “antropologo bisualtzat” du. Bere jardunean “erresistentzia kulturala” esploratzen du adobearen gisako materialen bidez eta elementu hori lengoaia bisual batean uztartzen du, botereaz, historiaz eta identitate kulturalaz ditugun aurrez ezarritako nozioei buruz galderak egiteko.
Chailek erakusketa garrantzitsuetan erakutsi ditu bere lanak, eta horrek eraman du bere ospea nazioartean zabaltzera. Hala, Veneziako Bienalean (2022) parte hartu zuen adobezko eskultura handien sailarekin, forma soilen eta material xumeen bidez narratiba konplexuak eratzeko artistak duen gaitasuna agerian utzi zuena. Gainera, erakusketak izan ditu Buenos Airesko Arte Modernoko Museoan (MAMBA), Londresko Studio Voltairen eta New Yorkeko High Linen, besteak beste.
Informazio praktikoa
Izenburua: Gabriel Chaile. So eginez aldatu ginen
Datak: 2024ko urriak 25 – 2025eko otsailak
Ordutegia: Asteartetik igandera: 12:00-14:00 / 16:00-20:00 (Astelehenak itxita)
Lekua: Erakusketa-aretoa, 1. solairua. Tabakalera.