Segurtasuna ala eskuin mutur berriaren amua?
Iragarritako heriotza baten kronika. Donostiako Udalak Egiako Kaleko Afari Solidarioak debekatu ditu, «segurtasunaren» aitzakian. Bizpahiru urte dira Egian segurtasuna guztien ahotan dagoela, eta azken hilabeteotan, talde eskuindarren gorakadarekin, egoerak okerrera egin du. Ez dira berriak, ordea, delinkuentzia eta migrazioa lotzen dituzten diskurtsoak.
Zerbait behin gertatzen bada, leku batean, haren kausa konkretuak aztertu behar dira. Bi aldiz gertatzen bada, bi leku ezberdinetan, haien kausa komunak aztertu behar dira. Aldi berean leku askotan gertatzen bada, egiturazko kausak aztertu behar dira.
Delinkuentziaren igoera eta segurtasunaren eztabaida da Europan hiriguneetan gehien eztabaidatzen ari den auzi politikoa. Azken urteotan, gainera, migratzaileei lotuta. Migratzaileen profila aldatu daitekeen arren, ia beti dira musulmanak: izan arabiar, pakistandar edo herrialde subsahararretakoak. Donostian gertatutakoa gertatu da Gasteizen, gertatu da Herrialde Katalanetan eta gertatu da udara honetan Ingalaterran. Eta gaia ez da atzo goizekoa.
«Izu moral baten sorrera»
1972ko azaroaren 5ean, hiru gazte arrazializatuk eraso egin zioten Robert Keenan gizon helduari Birminghamen, Ingalaterran. Lurrera bota zuten eta giltza batzuk, bost zigarro eta 30 penny lapurtu zizkioten. Bi ordu geroago, gizona zegoen lekura itzuli ziren eta bortizki ostikatu eta adreilu batekin jo zuten, hil arte. «Gaizki ateratako lapurreta» gisa titulatu zuen prentsak, eta AEBetatik zetorren hitz bat erabiltzen hasi ziren: mugging (atrakoa).
Stuart Hall ikertzaileak eta haren taldeak ikerketa egin zuten 1972-1973 artean, atrakoaren, Poliziaren eta «izu moralaren» arteko harremanaz (Policing the Crisis. Mugging, the State and Law and Order, 1978). Izan ere, delitu hori «berria» ez zen arren, berri gisa tratatu zen, eta horren ondorioak biderkatu ziren —besteak beste, «disuasio kondenak» biderkatzea—, batez ere gazte arrazializatu eta pobreentzat. [Donostian ere, ildo honetako hainbat polizia interbentzio salatu dituzte gizarte mugimenduek, Martutenen, zein Egian].
«Izu moral» gisa definitu zituzten erreakzio horiek. Haien ustez, auzia ez zen delitua gogorra zen edo ez; lehendik ere horrelako delituak izan baitziren. Horregatik aztertu behar zen nondik zetorren erreakzio hori. Argudiatzen zutenez, bai lapurretak, bai izu morala, 1970eko hamarkadaren hasieran britainiar kapitalismoak aurre egin behar zien arazoen testuinguruan baino ezin ziren azaldu.
Hedabideen papera
Stuart Hall eta kideen azterketan, hedabideek jokatzen duten paperaz hausnartu zuten: «Hedabideak dira informazioaren iturri nagusia, eta askotan bakarra (…). Komunikabideek gizartearen gehiengoaren zuzeneko esperientziatik kanpo gertatzen diren gertaerei buruzko informazioa aurkeztu ohi dute. Horrela, komunikabideek gai garrantzitsu askori buruzko informazio iturri nagusia osatzen dute, eta askotan, bakarra. (…) ‘errealitate problematikoa’ dei genezakeena ulergarri egiteko lanean parte hartzen dute».
Hemen interesatzen zaiguna komunikabideen zeregin orokorra da, iritzi publikoaren prestakuntza aktiboaren prozesuan. Azaltzen dutenez, herritar gehienek ez dute ez sarbide zuzenik, ez botererik beren bizitzei eragiten dieten erabaki nagusien gainean; politika eta iritzi ofiziala kontzentratuta daude, eta herritarren iritzia sakabanatuta dago: «Gizarte horietan, komunikabideek bitartekari eta konexio rola betetzen dute, iritzi publikoa eratzeko eta iritzi hori boteretsuen ekintza eta iritziekin hitzartzeko». Komunikabideek, gertatzen denari buruzko informazio iturri nagusi gisa, «gizarte ezagutzari» buruzko ia monopolio bat izateaz gain, «dakitenen» eta publiko orokorraren ezjakintasun egituratuaren arteko pasartea ere kontrolatzen dute.
Stuart Hallen taldearen arabera, hedabideen funtzioa da diskurtso ofiziala «herri hizkerara» itzultzea, ondoren, «diskurtso publikoaren izenean» hitz egiteko. Donostiako kasuan, ez da horren erraza. Gai batzuk «izu morala» bihurtzen direnean —migrazioa eta asilo eskubidea, kasu—, gobernuak ere kolokan jartzen ditu. Kasu hauetan, probableagoa da «definizio primarioa» prentsaren, oposizio politikoaren eta presio taldeen arteko nahasketa batetik etortzea: «Izu moralaren ezaugarrietako bat da arazoaren definizio dominantea onartu behar dela edo gaizkiaren apologistak izatearen arriskua dute».
Delituen informazioari dagokionean, ezaugarri bat nabarmentzen dute: «Patronalaren adierazpen bat, normalean, sindikatuen adierazpen batekin dago ‘konpentsatuta’, baina deklarazio polizial bat ia inoiz ez dago ‘konpentsatuta’ delinkuente profesional batengandik». Delinkuenteak ez du gizartearen kontsentsuan parte hartzeko eskubiderik, legea urratu duenez —edo hobe, legea urratu duelakoan— ez du hitz egiteko eskubiderik.
Beraz, ustez lapurreta egin duen pertsona batek gainontzeko hiritarrek baino eskubide gutxiago izango du, eta de facto salbuespeneko legedia bat eta salbuespeneko trataera bat iritzi publikoan. Ez da berdina gertatzen bestelako delituekin. Honela, ezinezkoa da egoerak ulertzea. Galdera berebizikoa baita: zergatik gertatzen dira lapurretak?
Ikerketa talde bereko Brian Robertsen arabera, lapurretei eta kaleko biolentziari buruz egin berri diren lanetan, arreta handia jartzen da delitugileen «motibazioetan». Zenbait elementu identifikatu ohi direla dio: eskudiruaren beharra «kaleko kulturaren estiloa» betetzeko, emozioak bilatzea, «maskulinitatea», «ospea»… Gizarte eredu kontsumistaren ifrentzua baita, «ez baduzu, ez zara inor» premisa. Hori, kale egoeran egotearekin nahastuta, eta oinarrizko beharrak ere aseak ez dituen pertsonekin nahastuta, erloju bonba bat da. Donostian ikusten dugunez, hainbat dira delitu kopuruen igoera erakusten duten datuak. Baina ez al da Stuart Hallek aipatzen zuen «izu morala» sortzen ari? Sare sozial digitalek egundoko papera betetzen dute.
‘Lo que no te cuentan de Donosti’, kontu faxista?
Telegram taldea abuztuan sortu zen arren, gutxienez hiru urte ditu Lo que no te cuentan de Donosti Instagram kontuak (LQNTCDD). Hiriaren gaineko gai orokorrak jorratzen zituen hasieran, baina azken hilabeteotan, delinkuentzia txikiari lotutakoak soilik partekatzen ditu.
«Izu moralaren» anplifikadore funtzioa betetzen du kontuak. Kanal orokorrean informazio eta fake news sortak partekatzen dira, eta auzoetako arazoei erantzuteko sortutako taldeetan, berriz, gazte magrebtarren lokalizazioak. Argazkiak partekatzen dituzte gazteak non dauden ohartarazteko; ez delituak egiten ari diren edo ez, baizik eta haien presentziaz ohartarazteko. Honela, psikosi soziala handitzen laguntzen dute, arazoaren gaindimentsioarekin.
Kontu hauetan eduki arrazista eta faxista zabaltzen den arren, bertako kideek ez dute euren burua honela ikusten. Ordea, faxismo berriaren hainbat ezaugarri partekatzen dituzte. Garrantzitsuena: hizkuntza deshumanizatzailea. Ondoko hitzak erabiltzen dituzte gazte migratzaileak designatzeko: antxoa, X, jovenlandes, ser de luz, urdaiazpikoa jaten ez dutenak… Eskuin muturreko sare sozialetatik dator hizkuntza hau, batetik, algoritmoak ez penalizatzeko, eta bestetik, hedabideek gaizkileen nazionalitatea ezkutatzen dutela salatzeko. Desokupak, Frente Obrerok eta Alvise Perezek erabiltzen duten hizkuntza bera da.
Pasa den asteko astelehenean Egian egin zuten elkarretaratzean, eskuin muturreko hainbat informazio faltsu entzun ahal izan ziren: «laguntzetatik bizi dira, hona datoz bortxatzera eta lapurtzera, zuek babesten dituzue laguntzetatik bizi zaretelako»…
Hain zuzen, hirian, segurtasunari eta immigrazioari lotutako hainbat elementu faxista salatu dituzte gizarte eragileek azken hilabeteotan: afari solidarioen erabiltzaileak jarraitu eta jipoitzea; Trintxerpen azken asteotan, lonja okupatu baten kontrako eraso antolatua; ekintzaileen eta kazetarien aurpegiak publikoki erakustea; eta pintaketak eta pegatinak Egian eta Martutenen, esaterako. Faxismo antolatutzat hartu ezin daitezkeen arren, Martuteneko etxe okupatu batean bizi direnen kontrako heriotza mehatxuak eta abuztuan, Alderdi Ederren, pistola faltsu batekin egindako erasoa, testuinguru biolento honetan kokatu behar dira. Hala salatu dute bai auzo elkarteek, bai 30etik gora gizarte eragilek ere.
PPri lotutako kontua?
Inolaz ere ez da Alderdi Popularrak kudeatutako kontu bat, halaxe adierazi dute behintzat alderdiko bozeramaileek. Edonola ere, deigarria da gaiarekin duten atxikimendua. Honela hitz egin zuen Borja Corominasek kontu honen inguruan: «Egia da sareek asko anplifikatzen dituztela bertan argitaratzen diren gauza asko. Nik ez dut uste profil hori asaldatzailea denik, egiten dutena da Donostian gertatzen diren gauza asko frogatu, sare sozialen bidez. Errealitate bat erakusten dute, udal gobernua, askotan, estaltzen saiatzen dena». Ez da arraroa atxikimendua. Instagram kontuak PPren agendako gaiak jorratu ditu, eta Corominasen kanpainako hainbat bideo partekatu ditu 2022tik hona.
Alderdi Popularrak hirian sortu diren zurrumurruen bozgorailu eta alternatiba izan nahi du, betiere eskuin moderatuaren irudiaren barruan. Kaleko Afari Solidarioak debekatzeko eskatu zuen iazko udalbatzar batean, eta joan den astean, Egiako banaketa debekatzerakoan egindako irakurketan honakoa esaten zuen: «Udalak bere gain hartu behar ditu behar hauek (…) [migratzaileei] formazioa eman behar zaie, integratu daitezen». Edonola ere, diskurtsoan esan arren, ez du honelako inongo ekimenik proposatu udalean, soilik bide poliziala indartzea.
LQNTQDD-koak alderdiekin bat egiten ez duten herritarrak dira gehienak —hau ere bada faxismo berriaren ezaugarrietako bat—, eta, ziurrenik, asko, asmo onez gerturatu dira bertara. Baina eskuin muturrak sare sozialetan dituen ehunka kanal eta influencer-ek beren lana egiten dute. Azkenekoa, astearte honetan, Juventud Combativa elkarteko bozeramaile Marc Lozanok Trintxerpeko egoeraz egindako irakurketa. «Euskarabia» deitzen dio Euskal Herriari eta «Donostia literalki Afrika da» esatera heltzen da. Trintxerpeko herritar talde bat hainbat gazte migratzailerenen atzetik korrika dagoen bideo baten inguruan honela hitz egiten du: «Guztiz legitimoa den indarkeria, kaka zati hauen kontra». Eta Instagramen zabaldutako bideoan honela dio: «Ez dago aukerarik bide baketsuetarako: hau gerra bat da».
Ver esta publicación en Instagram
Herritar askok ez dute euren burua arrazistatzat jotzen, eta soilik «segurtasuna» aldarrikatzen dute. Ordea, diskurtso sekuritario modernoak arrazakeria eta faxismo berriarekin dituen loturak egitea ezinbestekoa da: ikus Meloniren gobernua Italian, Viktor Orban Hungarian, Trump AEBetan eta VOX eta Alvise Espainiako Estatuan. Delinkuentziaren gorakada eta migrazioa lotzen dituen propaganda izugarria da, eta hori da, azken asteotan, «arrazakeria» gisa salatu dutena hiriko hainbat gizarte eragilek.
Arrazakeria berria
Arrazakeriaren historia, ziurrenik, gizateriaren historiarekin bat garatu da. Ordea, ez da beti berdina izan. Arrazakeria hitza bera, 1930eko hamarkadan sortu zen. Nazismoak suposatu zuen ikaragarrikeria moralaren ondotik, ezkerrak ez ezik, eskuin liberalak ere arrazakeriaren kontra egin zuen, eta antirrazismo liberala sortu zen XX. mende erdialdean, AEBetan. Ordutik, mordoa aldatu da, eta jada, oso gutxi dira arraza kontzeptuan sinesten dutenak, eta are, horrek pertsonen ezaugarri mentaletan eragina duela. Arraza, beraz, kontzeptu sozial bat da, generoaren moduan, eta ez luke eraginik izan behar pertsonaren inteligentzian, ez eta, noski, eskubideetan ere.
Edonola ere, C.L.R. James, Frantz Fanon, Aime Cesaire, Angela Davis eta gisako autoreek gogoratzen dutenez, arrazakeria liberalaz gain, arrazakeria egitura ekonomiko gisa ulertu behar da. Kapitalismoak berak dituen beharrei erantzuteko egitura soziala da, giza taldeak sailkatzen dituena, lan merkatuaren beharrei moduren batera edo bestera erantzuteko.
Mendebaldeak pobretu dituen herrialdeetako herritar pobreei ezartzen zaizkien bizi baldintzak dira gure sistema sostengatzen dutenak, eta hortik aurrera datorren egitura soziala da arrazista dena: nor sartu eta nor ez, eta zein baldintzetan, zehazten duena. Horregatik entzuten ditugu honakoak auzoan: «Ni ez nago immigrazioaren kontra; baina egin dezatela lana, guk bezala, eta bestela, haien herrialdeetara».
Bi ideia daude honen atzean: bat, jatorri ezberdineko herritarrei salbuespeneko legedi bat ezartzea, eta, bi, lan merkatuan esplotatua izateko eskakizuna. Zeren, muinean, honelako zerbait esaten ari direla dirudi: «Etor daitezela lanera, geure aitona-amonen ipurdiak garbitzera, igande euritsuetan motoan janaria etxera ekartzera, errepideak eraikitzera, jatetxeetan ordu estrak egitera; eta, bestela, haien herrialdeetara».
Afari solidarioak eta gero zer?
LQNTCDD taldean, eta beste askotan, zabaldu den beste fake news-etako bat izan da Egiako Kaleko Afari Solidarioek delinkuentziaren igoerarekin duten lotura. Datu bakar batek ere ez du honakoa baieztatzen; udalak emandako datuak Egia auzoan egindako esku hartze polizialenak baino ez dira, eta ez dute harreman zuzenik ez ordutegiekin, ez eta afarien eremuarekin. Egian kale egoeran dauden migratzaile kopuru altuago bat egoteak ez du zerikusirik afariekin, baizik eta hiri arkitekturarekin: autobus geltokia —munduko hiriburu guztietan dira delitu txikien iturburu—, arkitektura gogorreko eta erabilera sozialik gabeko Blas de Otero plaza, Tabakalerak eskaintzen duen aterpe eta argindarra…
Testuinguru arriskutsua dugu aurretik. Segurtasunaren aitzakian, ideia faxista eta arrazistak borrokatu beharrean, azken hiru urtean hartutako bi neurri bakarrak Polizia gehiago jartzea eta kaleko afari solidarioak debekatzea izan da. Ez da kale hezitzaile bakar bat ere jarri Egian, ez da elikadura bonu gehiago banatu… Finean, ez da irtenbide sozial bakar bat bera ere gehitu.
Alarmak piztuta daude. Faxismoaren eta arrazakeriaren kontrako manifestazio jendetsua egin zen igandean, baina, itxuraz, inork ez du bere burua faxistatzat edo arrazistatzat jotzen. Ez al da izango formaz aldatzen ari dela. Edo, bestela esanda, beldurra eta «izu morala» erabilita, lurzoru bikaina probesten ari direla, gizartean baztertuenak daudenen kontra jotzeko?