Behar zuen garaipena lortu du Realak
Realak bolada txarra eten du Espanyol mendean hartuta. Txuri-urdinek sentsazio onenak berreskuratu dituzte.

Emakumezkoen liga bukatzeko bi partida baino ez dira falta, eta, zorionez, Realak konfiantzarekin jokatu ahal izango ditu. Izan ere, txuri-urdinek Espanyoli irabazi zioten larunbatean (0-3), bolada txarrari bukaera emateko. Gainera, ondo irabazi zuten, joko onarekin, eta gol onekin. Amaiur Sarriegi donostiarra egin zuen lehena norgehiagoka hasi orduko. Garaipena bigarren zatian borobildu zuten Sanni Franssiren eta Nerea Eizagirre kapitainarekin golekin. Sailkapeneko zazpigarren tokian daude, eta seigarrena eskuratu dute. Ordea, azken bi partidak irabazi beharko dituzte helburu hori bete ahal izateko.
Realeko mutilek, berriz, bizi duten momentu petrala berretsi zuten bart Athleticen kontrako euskal derbian. Orokorrean, partida txarra jokatu zuten bi taldeek, eta harmailetako giro hotza ikusi ahal izan zenaren isla bihurtu zen. Aukera gutxi, futbol gutxi, eta berdinketa soil bat. Txuri-urdinei puntu horrek balioko dien ala ez liga bukaeran ikusiko da. Europara sailkatzeko lau partidetatik gutxienez bi irabazi behar dituzte, baina arerioak ez dira egokienak izango. Atletico Madril eta Real Madrilen kontra jokatu behar dute etxetik kanpo. Anoetan, berriz, Celta eta Girona hartuko dituzte. Konferentzia liga eta Europa liga dituzte jokoan, baina taldearen maila ikusita, ez dirudi halakorik lortuko dutenik.
Eskubaloian, etxeko lanak betetzearekin konformatu zen Bera Bera pasa den larunbatean. Errioxari neurketa on bat egin gabe irabazi zioten (23-17), eta dagoeneko titulurako kanporaketei begira jarrita daude. Final-laurdenetan Granollersen kontra ariko dira. Joanekoa etzi izango da, Palaun, eta itzulerazkoa larunbatean, Gaskan, 18:30ean.
Belar hockeyan, Realak berdinketa ona eskuratu zuen Tenisen zelaian. Aurreko porrotak utzitako zapore mingotsari aurre egiteko partida jokatu zuten, eta garaipenak penak gehiago kitatuko zituen arren, puntu ona eskuratu zuten larunbatean (1-1).
Saskibaloian, Gipuzkoa Basketek zortzigarren postura egin du jauzia Obradoiro talde indartsuari irabazita (63-65). Jardunaldi baten faltan, donostiarren esku dago denboraldiko helburua: ACB ligarako kanporaketak jokatu ahal izatea. Ligako bigarren eta bederatzigarren postuen artean geratzen direnek jokatzen dute. Gipuzkoa Basketek ostiralean, hilaren 9an, jokatuko du Illunben, partidarik erabakigarriena. Ourense hartuko dute etxean, eta bai ala bai irabazi beharko diote kanporaketetara sailkatzeko.
EMAITZAK
Futbola
Emakumezkoen liga, 28. jardunaldia
- Espanyol 0 – Reala 3
Gizonezkoen liga, 34. jardunaldia
- Reala 0 – Athletic 0
Eskubaloia
Emakumezkoen ohorezko maila, 26. jardunaldia
- Bera Bera 23 – Errioxa 17
Belar hockeya
Emakumezkoen lehen maila, 18. jardunaldia
- Tenis 1 – Reala 1
Saskibaloia
Gizonezkoen bigarren maila, 33. jardunaldia
- Obradoiro 63 – Gipuzkoa Basket 65