Lasterketa parekidea lortzeko helburuz, Behobia-Donostian parte hartzera deitu dituzte emakumeak
Zazpi urteko epean lasterketa parekide bat lortzeko xedez abiatu zuten 2018an 50/50/2025 egitasmoa. Izen emate orokorra asteazkenean hasiko da.

Udaletxeko pleno aretoan egin dute 60. Behobia-Donostia lasterketaren izen emate orokorraren abiatzeari buruzko prentsaurrekoa, eta bertan nabarmendu dute, 50/50/25 proiektua. Izan ere, aurten amaituko baita partaidetza parekidea lortzeko 2018an ezarri zuten zazpi urteko epea. Aurtengo izen emate orokorra asteazkenean abiatuko dute, eta hari lotuta, Fortuna Kirol Elkarteak, Eusko Jaurlaritzarekin eta Donostiako Udalarekin batera, emakumeak deitu dituzte aurtengo lasterketan parte hartzera, %50-%50 helburura gerturatzeko. Bultzada berezia horren isla da ere leloa: Egin dezagun posible.
Aurkezpenean parte hartu dute Ibone Bengoetxea lehendakariordea eta Kultura eta Hizkuntza politikako sailburua, Eneko Goia alkatea eta Behobia-Donostia lasterketaren koordinatzaile Iñigo Etxeberria. Eneko Goia alkateak hartu du lehenik hitza. Nabarmendu du Behobia-Donostia hiriko ekitaldi garrantzitsuenetako bat dela, eta ez bakarrik kirol ardurari dagokionean, “asko dira sustatzen dituen balioak, beti hiriarekin konprometituak. Erreferente egiten gaituzue balio horietan”. Zentzu horretan, “benetako berdintasuna” lortzeko egindako ahalegina goraipatu du. “Ikusiko dugu lortzen dugun, aurten delako urte giltzarria, baina ez da izango ahalegina egin ez duzuelako”. Egindako lanagatik zoriondu eta donostiarrak animatu ditu, bereziki emakumezkoak, helburu hori lortzen lagun diezaieten.
Ondoren, egitasmoaren bilakaerari buruzko zehaztapenak eman ditu Iñigo Etxeberriak. Klubak sorreratik kirola zentzu zabalean ulertu duela azaldu du, alegia, bereizketarik gabe, eta bere ehun urtetik gorako historian emakume protagonistak izan dituztela nabarmenduz. 1979an, lasterketaren garai modernoa hasi zenean, %2 ziren emakumezko partaideak. Hamarkadak geroago, lasterketaren datuetan ikusten zuten, esaterako, AEBrekin alderatuta, “oso urruti” zeudela; hango lasterketa herrikoietan erdia edo gehiago emakumezkoak baitziren, hemen, aldiz, %20. Hori dela eta, beste proiektu batzuen ondoren, 2018an proiektua martxan jarri zuten, mugarri eta epe batzuk jarrita.
20-30 urtekoak, etorkizuna
Horren barruan, ekintzak eta ikerketak burutu dituzte, eta begira jarri ere lasterketaren diseinuan, itxuran, eta egiten ari zirenetan. Ikerketen emaitza “interesgarrienetako bat” izan da jakitea jatorri desberdinetako emakumeak nola antolatzen ziren eta, adibidez, lasterketan emakumezko partaideak %25 zirenean, zergatik Tarragonako probintziatik zetozenak %37 ziren. Gako nagusia entrenamendu talde asko zituztela zen, horren bidez korrikan hasi eta jarraitzea sustatzen ari ziren. Hori dela eta, duela bi urte Bidasoa Atletiko klubarekin batera Biziki proiektua martxan jarri zuen Fortunak KEk. Etxeberriak azaldu duenez, zazpi udalerritan hamaika talde dituzte; eta mistoak badira ere, partaideen %90 emakumezkoak dira, eta sasoi guztietako lagunek parte har dezakete, izan hasiberriak edo eskarmentudunak.
Halaber, Behobia-Donostia bera eta beste lasterketa batzuk aztertuta, ondorioztatu dute 20-30 urte arteko emakumezkoen artean igoera handia izan dela partaidetzan. “Gorakada izugarria ikusten ari gara, beren adin tartean, orokorrean, %40a dira dagoeneko. Hori da etorkizuna”. Aldi berean, haien aurrekari izan zirenek, 60 urte bueltakoak, parte hartzen jarraitzen dute. “Horrek egiten du lasterketa aberatsagoa izatea, 16 eta 70 urte arteko emakumeek parte hartzea”, gehitu du. Beste mugarri bat ere aipatu du Etxeberriak, iazko udazkenean Donostian jokatutako 10 kilometroko lasterketa batean lehenengoz partaideen erdia emakumezkoak izan zirela. “Muga horiek gainditzen ari dira eta gure nahia da proiektu honekin eta edizio honekin hurrengo distantziara pasatzea: Behobia edo maratoi erdi bat”.
Switzer eta Biziki, hauspo
Iaz, emakumezkoak %31,5 izan ziren eta aurten %40ra heldu nahi dute, “%50 horren atarian geldituta”. Hori horrela, dei berezia egin die Behobia-Donostia lasterketan parte hartu edo ez zalantzan ari diren emakumeei. Lagungarri gisa, Kathrine Switzerrek bidalitako babes mezua jarri dute. Maratoi batean dortsalarekin parte hartu zuen lehen emakumea da estatubatuarra, artean debekatuta zutenean. Eta hori gutxi balitz, Biziki taldeen koordinatzaile eta askoren entrenatzaile Susana Ruizek egiten dutenaren berri eman du. Adierazi duenez, talde kopurua ugaritzen joan da eta astero izen emate berriak daude. Ez dago mailaren araberako talderik, bakoitzak bere helburu eta erritmoak ezartzen ditu entrenamenduan eta denentzat egingarria da. Askok ezin egitearen beldurra dutela jakitun, probatzera animatu ditu.
Azkenik, Bengoetxeak hitz egin du. Aitortza egin die, batetik, Fortunari, “gizarte hobe bat uzteko” bere buruari erronka ezarri izangatik, eta bestetik, bertan egon diren emakumezko korrikalariei “ispilu” direlako beste emakumezko batzuentzat, “eta ispiluak behar ditugu”. Azkenik, gizarteari gonbidapena luzatu dio elkarteak jarritako erronka lortzeko. Erronkak exijenteak izan behar direla baieztatu du, hala aurten lortuko ez balitz ere, “haizea eman dio bideari”. Hori islatzeko, lasterketaren partaidetza datuak eman ditu: 1999an emakumezkoak %9,5 izan ziren; 2009an, %14,5; 2019an, 25,8 2; eta iaz, %31,5. “Agian ez dugu lortuko baina bidea egin dugu eta urratsak egitea da garrantzitsua”. Berak ere emakumeak animatu ditu “aurrerapauso bat eman eta proiektu honen azkeneko kilometroetara batzera”. Azaroan ezagutuko duten zifra bera baino inportanteagotzat jo du guztion artean posible egitea “gizarte justuago bat izatea, kirola gizartearen adierazle bat baita”.