Saria merezi izan dute Astigarragan antolaturiko lasterketan
Donostialdea Bizikletan taldeak tarteko helmugak eta taldekako sailkapena eskuratu ditu Iruki Sarian.

Garaipenaren lehian izan arren, Unax Otegi txirrindulariak ezin izan zuen atzoko gazte mailako Astigarragako Iruki Saria irabazi. Seigarren postuan bukatu zuen Donostialdea Bizikletan taldeko ziklista hernaniarrak. Garaipena jokatu zuten taldetxoan iritsi zen helmugara, baina Mario Elizburu izan zen azkarrena.
Horrela ere, etxekotzat har daitekeen lasterketan bestelako lorpenak eskuratu zituen klubak. Aimar Capdequi astigartarrak tarteko helmugen sailkapena irabazi zuen, eta Donostialdea Bizikletan izan zen taldekako sailkapenaren garailea.
Larunbatean, berriz, Lazkaomendiko gazte mailako proban zortzigarren postuan sailkatu zen Otegi. Bera izan zen taldeko onena, Eneko Ugartemendiak irabazitako lasterketan. Unai Iturrate, berriz, 25. postuan sailkatu zen.
Podiuma kadeteetan
Donostialdea Bizikletanek emaitza hobea lortu zuen larunbateko Segurako Gurutz Deuna kadete mailako proban. Liam Martinez hirugarren izan zen helmugan, bost ziklistek lehiatu zuten esprintean. Amets Barandiaran izan zen irabazlea. Beste sei txirrindularik ere bukatu zuten proba: Santiago Roa (15.postuan), Oier Perez Ruiz de Cortazar (32. postuan), Anje Larburu (39. postuan), Manex Barace (49. postuan), Oihan Betelu (55. postuan) eta Danel Conde (64. postuan).