Inoiz ez dela berandu

Mezu batzuk zabaltzen dira hainbeste garai batzuetan, zentzu komuna bihurtzen direla, eta, gutxira, ideologia dominatzailea. Autolaguntza mezu mordoa, jada garaiaren mantra dira. Batzuetan katiluetan inprimatuta, baina besteetan, terapiaren ordezko. Hona bat, adibidez: «Inoiz ez da berandu zure ametsak betetzeko».
Txalogarria da, noski, norbaiten ekinbidean motibatzeko bokazioa duen mezuaren tonu noblea. Falta zena! Baina, tamalez, gezur-gezurra, edo hobe esanda, faltsu-faltsua da ideia.
Askotan, beranduegi dator guztia. Adibide arraro bat: makil batekin burua ireki ostean barkamena eskatzen dizutenean. Ez du ametsekin zerikusi askorik, baina berandu demonio da ezer erreparatzeko ez?
Edonola ere, eta tonu pesimista gainditzeko asmoz, ekintza laudagarri bat egiteko asmotan bazabiltza, ba, hori, egin ezazu lehenbailehen. Hauteskundeetarako aproposa zela uste zutenentzako beste eslogan pito batek lagundu zaitzake: «Ez bada orain, noiz? Ez bazarete zuek, nor?».
A, eta gogoratu: autolaguntzaren ordez, auzolaguntza dela salbatuko gaituen bakarra.