Uliako eraso matxista salatu dute Intxaurrondon

Pasa den astean Uliako aparkaleku batean izandako sexu erasoa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek ostegun arratsaldean Intxaurrondoko Sagastieder plazan, Ekialdeko Mugimendu Feministak deituta. Erasoa jasan zuen emakume adingabeari “erabateko babesa” helarazi zioten, eta haren lagunek idatzitako gutun bat irakurri zuten.
Era berean, Ekialdeko Mugimendu Feministak nabarmendu zuen “indarkeria sexista unibertsala” dela, “ez iraganeko zerbait”: “Hemendik salatu nahi dugu emakumeek nahiz neskatoek emakume izate hutsagatik jasaten duten indarkeria eta mundu osoan lesbiana, transexual eta homosexualek jasaten duten jazarpena. Indarkeria horrek sustrai bera du: gure gizartea egituratzen duen matxismoa”.
Salatu zuten emakumeak “nazkatuta” daudela “beldurrez bizitzeaz”: “Beldurrez bizi garen bitartean, ez baikara aske biziko”. “Emakumeok tresna egokiak erabili behar ditugu eraso horien aurrean defendatzeko, erasotzaileei erantzun ahal izateko beharrezkoak diren guztiak”, gaineratu zuten, baita nabarmendu ere ez direla isilik geratuko.
Gertakariak
Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen joan den asteartean (hilak 20), astelehenetik astearterako gauean adin txikiko emakume baten aurkako sexu erasoa egitea leporatuta, eta beste bi gizon ikertu zituzten. Uliako aparkaleku batean gertatu zen sexu erasoa. Bi gizonetako bat kartzelan sartu zuten hurrengo egunean, asteazkenean, epailearen aurrean deklaratu ondoren. Fiskaltzak eskatuta eta Ertzaintzak ikertutako gertakarien larritasuna egiaztatuta, kasuaren instrukzioaz arduratzen den magistratuak bi atxilotuetako bat behin-behinean espetxeratzeko agindua ematea erabaki zuen. Beste atxilotua aske geratu zen.
Adingabea Gipuzkoako Foru Aldundiaren tutoretzapekoa da, eta aldundiak honakoa jakinarazi zuen erasoaren berri izan ostean: “Gipuzkoako Foru Aldundiak hasieratik jarri du salaketa, eta beharrezko jarduketa neurri guztiak hartu ditu, adingabearen babesa, zaintza eta jarraipen osoa bermatzeko, hori baita erakunde publikoaren lehentasuna”, gehitu zuen. Era berean, Donostiako Udalak ere bat egin zuen aldundiak eraso honen harira egindako gaitzespenarekin.