Herrerako auzo elkartea, Zardoya eremuko egoerari buruz: «Ez ikusiarena egitea ez da soluzioa»
Auzo elkarteak salatu du udalak ez dituela bermatzen eremu degradatuan bizi diren pertsonen "bizi baldintza duinak". Eraikinetako jabeak "zigortzeko" eta bertan aurreikusitako eraikigarritasuna berriz aztertzeko eskatu dute.

Herrerako Zardoya-Otis eremu industrial ohiak urteak daramatza abandonatuta eta egunez egun gehiago degradatzen. Azken urteotan, bi arrazoirengatik eman du zeresana, nagusiki: udalak bertan garatu nahi duen hirigintza proiektu handiarengatik (400 etxebizitza inguru) eta kale egoeran dauden pertsona ugari bizi direlako bertan, bizi baldintza oso txarretan; gatazkak sortu ditu auzoan hainbatetan horren harira.
Herrerako Herripe auzo elkarteak askotan eskatu du eremuaren egoerari irtenbide duin eta integral bat emateko, baita bertan auzoaren beharretara egokitutako proiektu bat garatzeko ere. Orain, beste pauso bat eman dute zentzu horretan, Donostiako Udalean hainbat puntuko eskaera bat aurkeztuta; hedabide honek dokumentua irakurtzeko aukera izan du.
Utzikeria eta ez ikusiarena egitea
Lehenik eta behin, Herrerako eremu degradatu horretan lo egiten duten pertsonen egoera onartezina dela salatu dute: “Bertan jendea bizi dela gauza jakina du udalak. Ez dira bermatzen pertsona horien gutxieneko bizi baldintza duinak. Ez ikusiarena egitea ez da soluzioa. Edozein kasutan, ez ikusiaren eta utzikeriaren aurrean, osasungarritasun baldintza minimo batzuk exijitu behar dira”. Hain zuzen ere, kale egoeran dauden pertsonen eta segurtasunaren aferaren harira, Herripek behin baino gehiagotan aldarrikatu ditu irtenbide integralak, irtenbide polizialetatik harago.
Ildo horretatik, eremuko eraikinen jabeengan (jabetza pribatua da) jarri dute fokua, nagusiki: “Higiezinaren jabetzaren ardura eta betebeharra da eraikina segurtasun, osasungarritasun apaintasun publiko eta txukunkeria baldintza egokiak bermatzea”. “Jabetzaren utzikeria begi-bistakoa da. Eraikinaren egiturak arriskua sor dezaketen gabezia eta akatsak ditu. Leiho hautsiak daude, haizearekin kristalak askatzen dituztenak. Erortzeko arriskuan dauden elementuak daude estalki eta fatxada guztietan. Eremua utzia dago guztiz, zaborrez betea, eta arratoiekin. Uralitazko estalkiak daude eremuan”.
Eremu horretarako 400 bat etxebizitzako hirigintza garapen bat dago aurreikusita —Udaltzaingoaren komisariordetza berria ere bertan jartzeko asmoa agertu izan du udalak—, Herriperen beraren eta altzatar askoren kontrakotasuna izan duena hasieratik, Altzak, hiriko auzo populatuenetako bat izanik, bestelako behar asko dituela iritzita. Hori dela eta, aipaturiko utzikeriak horrekin zerikusia izan dezakeela uste du auzo elkarteak: “Zilegi da pentsatzea ea jabetzaren ez egitea, utzikeria ez ote den auzo gatazka hori leundu eta goxatzeko estrategia, eremua degradatuta errazago onartuko direlakoan bertan proposatzen diren bloke mastodontikoak“. Horrela, udalari galdetu diote ea “ba ote duen jabetzak, eremuaren degradazioaren eta bertan eratu den infraegoitzaren aurrean, hartutako neurrien berri”, eta neurririk hartu badu, horiek zein izan diren jakinarazteko eskatu dute.
Zigor eskaerak
Neurriak hartu baditu edo hartu ez baditu ere, eremuaren egungo egoera txarra jabetzaren “utzikeriaren ondorioz” sortu dela argi dute Herripekoek, eta, horregatik, eraikinen jabeak “zigortzeko” eskatu diote udalari, “bertan garatzen den erabilera ez zilegiarengatik, arau hauste larri gisa”. Jabetza erregistroan kontsulta egin du auzo elkarteak, eta, dokumentuan diotenez, Barenys Promocion de Viviendas S.L., Susman S.L. eta Mugagri S.L. enpresak dira eraikinen egungo jabeak.
Ildo beretik, “Donostiako Udalari eskatzen diogu abiarazi dezala Zardoya eremuko jabeen aurkako hirigintza diziplina espediente bat, eraikinaren eta eremuaren ‘segurtasun, osasun, begirune eta apaintasun publikoko egoera ona’ mantentzea agindu diezaiela. Auzo elkarte garen neurrian, eta espediente hori egoki ebazteak auzoaren gizarte bizitzan duen garrantzia ikusita, espedientean interesdun izatea eskatzen dugu”, gaineratu du Herripek. Eremuko jabeen aurkako “espediente zehatzailea” abiatzeko ere eskatu diote udalari.
Eraikigarritasuna
Zardoya-Otis S.A. dageoeneko eremuaren jabea ez dela ikusita, Herripek dio “2019an berarekin egin zen hirigintza hitzarmeneko klausulak ez dutela inongo kasutan udala derrigortzen” orduan adostutakoa egikaritzera.
Horregatik, “inolako justifikaziorik gabe, edo, are okerragoa dena hirigintza antolaketan, interes pribatuarekin soilik justifikatuta eginiko eraikigarritasunaren bikoizte hori bertan behera uzteko” eskatu diote udalari, baita “Plan Bereziaren hasierako onarpen dokumentuan 2016ko hirigintza hitzarmenean adostu eraikigarritasuna aztertu dezala ere”. Izan ere, eremuko eraikigarritasuna handitzen joan dira azken urteotan, egun aurreikusita dauden 400 bat etxebizitzetara heldu arte.